Zumaiako traineruak, lehiarako prest

Izaskun Urbieta 2019ko eka. 22a, 09:00

Denboraldia hastearekin batera kaleratu du Urola Kostako Hitzak eskualdeko elkarteen eta traineruen inguruko gehigarria. Emakumezkoen eta gizonezkoen ontzi bana uretaratuko ditu aurten Zumaiak. Baleikeko webgunera ekarri ditugu gehiagarrian Zumaiari buruz bildutakoak. 

2015ean eman zituen azken arraunkadak Zumaiako emakumezkoen traineruak, baina azken lau denboraldietan lehorrean gelditu ondoren, indarberrituta datoz gorriak. Azken sasoi hartan bezala, Kike Manterola da prestatzailea eta aldamenean izango du Jon Martija laguntzaile lanetan.

Iaz aldatu zuen Telmo Deun elkarteak zuzendaritza taldea, eta horren helburu nagusietako bat izan da denboraldi honetan emakumezkoen trainerua uretaratzea. "Ia hutsetik hasi behar izan dugu berriro. Erronka bat izan da guretzat taldea osatzea eta sendotzea. Lehenago ibilitako bizpahiru arraunlari ditugu eta horiek esperientzia ekarri dute taldera. Fase polita izan da, eta gogoarekin eta ilusioarekin gaude denboraldia hasteko", nabarmendu du Manterolak.

Hemeretzi arraunlariz eta bi patroiz osatu du taldea Zumaiak. Beterano batzuez gain, lehen mailako bi jubenil, bigarren mailako beste bi eta hasiberriak diren pare bat dituzte. "Taldea osatuta dago, arraunlari bakoitzak badaki non joan behar duen, eta pozik gaude erakusten ari diren mailarekin", azaldu du.

Udazkenean zuzendaritzaren deia jaso zuenean proiektua gidatzeko, ez zuen uste momentu honetan horrela egongo zirenik. "Lehen helburua trainerua uretaratzea zen, eta beno, denboraldi aurrekoa txukun egin dugu, beraz, ea goialdeko postuetan egoteko moduan garen", gaineratu du entrenatzaileak.

Neguko prestaketa lana ongi joan dela azpimarratu du Manterolak eta emakumeek erakutsi duten konpromisoarekin ere gustura dago. "Eskatu zaizkien gauzak ongi bete dituzte, uretan ere moldatzen dira, eta pisuaren eta indarraren arteko oreka asko landu dugu. Gainera, hasieratik hona egin ditugun probetan ere asko hobetu dute". 

Denboraldi aurrekoa amaituta, pozik da entrenatzaile zumaiarra. "Lau urteren ondoren, ez genekien zer maila emango genuen edo gure ligako beste traineruekin alderatuta non jarrikoginen. Hala ere, emaitzak onak izan dira eta erakutsi dugu ETE ligako beste traineru batzuekin batera aurreko postuetan egoteko moduan garela".

Horregatik, Zumaiaren helburu nagusia estropadaz estropada joan eta ligako ohorezko txandan sartzea da. "Denboraldia hasi aurreko emaitzak ikusita, ematen du sei bat traineru egongo garela lehen lau postuetarako borrokan. Txalupa asko sartu dira segundo gutxiren barruan, beraz, lehia izango dela aurreikusten dut. Buruarekin arraun egitea da asmoa eta ea onenen taldean sartzen garen". Traineruaren aurretik trainerilla ligan ere parte hartu zuten Zumaiako arraunlariek, eta ezusteko polita izan zuten. Hain zuzen, santelmoetan jokatzen den txapelketan lehenengoak izan ziren. "Etxean irabaztea beti da pozgarria eta gure animoak altxatzeko balio izan zuen".

Zumaiako arrauneko harrobia lantzen buru-belarri dabil Xabier Zulaika Zumaiako Telmo Deuneko gizonezkoen entrenatzailea. Iaz hasi zen Zumaian prestatzaile gisa, eta argi du aurtengo erronka taldea egonkortzea dela. Trainerua osatzeko arazoak atzean utzita, lehiarako bete-betean aurkitzen dira. 

28 denboraldi arraunean egin ondoren hartu zuen Zulaika debarrak Zumaiako gizonen trainerua zuzentzeko ardura. Maila mantentzea izan zuten aurreko sasoian erronka nagusia, eta ia azken arnasan lortu bazuten ere, KAE1 ligari eutsi zioten. "Taldea osatzeko arazoak izan ditugu, aurreko denboralditik hiruk utzi egin dute; beteranoak ziren, arraunlari garrantzitsuak. Hala ere, orain ditudan gazteak ongi ari dira lanean. Ordezko onak datoz", nabarmendu du Zumaiako prestatzaileak.

Aurtengo asmoa, nola ez, maila mantendu eta ahalik eta ondoen ibiltzea dute. "Helburu handiak baino, kuadrilla osoa sendotzea eta egonkortzea da nire nahia. Hau da, hurrengo urtera begira, kuadrilla mantentzea. Horretarako, beharrezko aldaketak eta errotazioak egingo ditut. Zumaiak harrobia zaindu nahi badu, mutil denekin egin behar da lana; denak prestatu eta zaindu behar dira. Oinarri on bat lantzea da gakoa, eta hori izango da aurtengo nire erronka".

Zulaikak argi du arraunlari batek kilometroak eta kilometroak egin behar dituela itsasoan. "Ez dago sekreturik, urteak behar dira arraunlari gisa hazteko", azpimarratu du. Aurtengo denboraldian, ordea, gazteak izango ditu lehian. "Hala ere, beraiengatik gehien gustatzen zaidana da duten konpromisoa. Arraunak sakrifizioa dakar berarekin, eta hauek taldearekiko eta klubarekiko konpromisoa erakusten ari dira. Mutil onak dira, giro ona daukagu gure artean, eta horrek ere asko esan nahi du".

Neguan egindako lanarekin gustura dago. "Arraunlariak beren buruarekin konfiantza dutela ikusi dut eta iaztik hobetu dute". Denboraldi aurrean egindako estropadekin ere pozik dago. "Poliki-poliki goraka goaz. Agian, lehen test estropada ez zen oso ongi atera, baina pixkanaka aurrera egitea da nire asmoa. Uste dut mutilek nigan konfiantza ere badutela, eta hori inportantea da". Taldea lehiarako gogotsu eta ilusioarekin ikusten du Zulaikak.