Julen Beristain: “Emaitza onak lortzeko sekretua lan egitea da”

Baleike 2019ko eka. 20a, 16:13
Julen Beristain erdian, Batxilergoan irakasle izan dituen batzuekin.

Ikasle bikaina da Julen Beristain oikiarra, eta horren erakusle da bukatu berri duen batxilergoko eta selektibitateko emaitzaren ponderazioa. Hain zuzen, 14ko gehienezko puntuaziotik 13,64 atera du. Irakasleek ere berretsi egin dute gaztearen bikaintasuna, eta emaitzaz haratago, ikasle gisa dituen bertuteak goraipatu dituzte. Irailean fisika eta ingeniaritza elektronikoko gradu bikoitza ikasten hasiko da Leioan.

“Hamarreko mutila da”, aipatu dute Zumaiako Institutuko irakasleek. Julen Beristain oikiarrak emaitza ezin hobeagoa lortu du amaitu berri duen unibertsitatera sartzeko hautaprobetan. “Batxilergoa 10arekin amaitu du, eta selektibitatean, berriz, 9,6ko nota atera du. Ponderazioarekin, aldiz, hamalautik 13,64 atera du”, azaldu dute irakasleek.

Hautaprobak gustura egin zituela gogoratu du Beristainek, baina emaitzak jaso arte aukera guztiak aztertzen egon zela onartu du. “Gustura egin nituen azterketak, baina ez nekien zer emaitza aterako nuen eta notak eskuartean eduki arte ez nuen esperantza edo itxaropenik izan nahi. Orain, badakit zer lortu dudan, eta etorkizunean pentsatzeko momentua da”, azaldu du.

Batxilergo zientifiko-teknologikoa ikasi du Zumaiako Institutuan. “Zientzia betidanik gustatu izan zait, eta uste dut lana bilatzeko orduan ere irteera gehiago dituela”, jarraitu du. Emaitza horren onak lortzeko sekretua lan egitea dela gaineratu du oikiarrak. “Ikasturtean zehar izan ditudan azterketak ongi prestatzen saiatu naiz. Horretaz gain,  klasean arreta jarri eta etxean orduak sartu ditut. Selektibitatera joan baino pare bat aste lehenago ere, institutuan egon diren prestaketa klaseetara joan naiz”, kontatu du. “Ikasle moduan nire zeregina hori dela uste dut”, nabarmendu du.

Datorren ikasturtean fisika eta ingeniaritza elektronikoa uztartzen dituen gradu bikoitza ikasten hasiko da Leioan. “Orain arte ez dut oso garbi izan zer ikasi, baina azkenean hori aukeratuko dut. Fisika asko gustatzen zait, eta ingeniaritzak lana bilatzeko erraztasunak eman ditzakela uste dut. Horregatik, interesgarria iruditzen zait gradu bikoitz hori”.

Ikasle paregabea

Ibilbide akademiko ezin hobea du Beristainek. Oikiako eskola txikian hasi zen ikasten, eta bereziki gogoratu du Lehen Hezkuntzan izan zuen irakasle bat. “8-9 urte nituela Iñaki Andueza izan nuen irakasle. Hark piztu zidan langile izateko izpiritua”. Eskola txikian familia handi bat osatzen zutela ere ekarri du gogora. “Adin ezberdinetako ikasleak batera egoten ginen ikasgelan, eta denok ginen lagunak. Gero Zumaiara etorri nintzen. Hemen ere harreman ona izan dugu ikasleon artean, baina ezberdina da”, esan du.

Ikasturte honetan irakasle izan dituen hainbatek berretsi egin dute Beristainen bikaintasuna. “Behin esan nion hamarra ezinezkoa zela ateratzea, baina uste dut nire ibilbidean jarri dudan bakarrenetakoa Juleni ipini diodala”, esan du fisikako irakasleak. “Hamarra lortzeak azkarra izatea baino zerbait gehiago dakar. Zehatza, ordenatua, txukuna… izan behar zara. Ezagutza izatetik baino haratago doa. Hau da, ezaugarri gehiago eskatzen du hamarreko batek, eta Julenek denak betetzen ditu”, jarraitu du matematikako irakasleak. “Konstantea da lanean, langilea eta ikasteko kuriositatea duela erakutsi du. Ikerketarako eta hausnarketarako jarrera ere badu, eta oso aktiboa da”, gaineratu du teknologiako irakasleak. “Hizkuntzak ere oso ongi menperatzen ditu”, amaitu dute.

Unibertsitateko garaiari heldu bitartean uda lasaia izango du, baina dagoeneko etorkizun hurbilean izango dituen erronka berriei aurre egiteko prest agertu da. “Nire gustuko materian sakontzeko aukera izango dut, eta gogotsu nago beste ikaskideekin ezagutzak partekatzeko”.