Zumaiako hiru eragilek Queen musika taldea biziberrituko dute

Baleike 2019ko eka. 20a, 08:24
Argazkia: Imanol Manterola

Bi urtetik behin egiten du jendaurreko emanaldi handia Astindu dantza taldeak. Dardararekin eta San Pedro abesbatzarekin prestatu dute aurtengoa. Laster zabalduko dute izen-ematea.

2013az geroztik, bi urtetik behin, jendaurreko emanaldi handia egiten du Astindu dantza taldeak. Lehen urtean Kabaret musikala egin zuten; 2015ean, berriz, filmetako abestiekin osatutako ikuskizuna; eta duela bi urte abesti ezagunen ingurukoa. "Bi urtetik behin egiten ditugu proiektu handiak. Oro har, Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan antolatzen ditugu. Aurten, ordea, denbora falta izan dugu, eta abendura atzeratu dugu", azaldu dute Mila Bakedano eta Cristina Hurtado Astinduko kideek.

Azken bi emanaldiak Ondartxon egin zituzten; aurten,berriz, Aitzuri frontoian egingo dute. Data eta leku aldaketaz gain, beste berrikuntza nagusi bat ere izango du ikuskizunak. "Azken bi proiektuak Zumaiako Udal Musika Bandarekin elkarlanean egin genituen, eta oso gustura egin arren, aurten aldatzea pentsatu dugu. Hala, Dardararekin eta San Pedro Abesbatzarekin jarri gara harremanetan. Finean, elkarlan ezberdin bati eman nahi genion bide", azaldu dute. Aldaketa horrek badu ikuskizunaren gaiarekin zerikusia. "Queen taldearen inguruko emanaldia izango da, eta taldearen abesti askok koruak dituzte, beraz, egokia iruditu zitzaigun, esaterako, abesbatzari kolaborazioa eskatzea".

Guztien gozagarri

Talde britainiarraren inguruko dantza emanaldia egitea ahobatez erabaki dute. "Urteko batzarrean ideia batzuk atera ziren, eta, ondoren, bazkideek emandako ideia horien artean bozketa jarri genuen martxan. Queenenak irabazi zuen inongo zalantzarik gabe", argitu dute. Aukeraketarekin pozik daude, gainera. "Taldea erakargarria da, eta bere musika estiloak adin tarte zabala hartzen du. Azkenean taldearen garaiko pertsonei gustatzen zaie, baita egungo gazteei ere", jarraitu dute.

Musika zuzenean izango da, eta Dardara Musika Kolektiboko kideek hartuko dute parte. "Emanaldirako talde berri bat osatuko dute. Horretarako, parte hartu nahi duten musikariak elkartuko dira. Beraientzat esperientzia berri bat izango dela nabarmendu zuten", adierazi dute Astindukoek. "Abesbatzakoak ere pozik daude elkarlanarekin, eta Dardarakoen gisan, eskertuta haiekin gogoratzeagatik".

Dantzari dagokienez, Pavis Beiras koreografoa izango dute irakasle. Aski ezaguna da Astindukoentzat, izan ere, 2013an egin zen Kabareteko zuzendari artistikoa izan zen. "Sei urteren ondoren berriro izango dugu gure artean. Dantzako gaitasun ezin hobea du eta sormen handiko pertsona da. 2013ko ikuskizunarekin oso gustura gelditu ginen eta berriro ere berari eskaintzea pentsatu dugu. Oso pozik hartu du berria. Queen taldea asko gustatzen zaiola ere esan digu, eta ilusio eta gogo handia dituela nabarmendu du".

Deialdi irekia

Astinduko kideen iritziz, joko asko emango du ikuskizunak, izan ere, Queen taldeak estilo askotako abestiak ditu. "Horri esker dantza estilo ezberdinak landuko ditugu, eta horiekin jolasteko aukera izango dugu. Gainera, partaideek aukeratu ahal izango dute zein koreografia egin nahi duten. Azkenean, dantzariek erosoago sentitzen diren estiloak dantzatu ahal izango dituzte. Gogoratu nahi dugu probatzeko aukera dagoela. Hau da, entseguetara etortzea librea da, eta norbaiti ez bazaio gustatzen ez dago arazorik".

Entseguak irailean hasiko dituzte. Aldez aurretik, ordea, izen ematea irekiko dute hil honen amaieran. "Sanpedroen bueltan kartelak jarriko ditugu herran eta bertan ipiniko du non eta nola eman izena, baina errazena astindu.zde@gmail.com helbidera mezu bat idatzita izango da", jakinarazi dute. "Jende berria animatzea nahi dugu horiek ideia berriak ekarriko dituztelako, bazkide gehiago ere lortu nahi ditugu taldea sendotzeko… Nola ez, gizonezkoei deialdi berezia egiten diegu. Taldean gutxi ditugu, eta ea behingoz gehiago animatzen diren. Gure helburua elkar ezagutzea da, ongi pasatzea eta herriko eragileen artean proiektuak aurrera ateratzea. Azken finean herriko kulturari indarra eta bizia ematea".