Gipuzkoako erresidentzietako langileek beste 26 eguneko greba hasi dute

Baleike 2019ko eka. 18a, 14:53
Otsailaren 20an egin zuten manifestazioa Donostiako kaleetan.

ELA sindikatuak deituta, beste 26 eguneko greba deialdia dute adineko egoitzetako langileek. Larunbatean, kontzentrazioa egingo dute Magnolio aurrean, 19:30ean.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen gatazkan beste 26 eguneko greba deialdia egin du ELAk. Hala, atzo hasita, eta uztailaren 12ra arte, greba egunak egingo dituzte. 

Greba egun horietan eskualdeko mobilizazioak antolatu dituzte, eta Zumaiaren kasuan, ekainaren 22an, larunbatean, kontzentrazioa egingo dute Magnolio aurrean, 19:30ean. Horretaz gain, ostegunean, Zarauztik 10:00etan hasiko den kotxe karabana pasako da herritik.

Sindikatutik adierazi dutenez, greba txanda berri honen helburua argia da: "Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartzea duela hilabete bat ELAk patronalekin lortu zuen akordioa". Atzo bertan, Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea erresidentzietako hainbat langilek. "Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena eta gaur egun arte arduragabekeria osoz jokatzen ari da. Aurreko astekoa adibide argiena da, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilera batetara, patronalak eta sindikatuak agertu eta Aldundia espreski deitua zegoena ez zen agertu", adierazi zuten.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. 2017an ekin zitzaion negoziazioari.