Iñaki Ostolaza: "Denekin eta denentzat lan egitera goaz"

Baleike 2019ko eka. 15a, 12:57

Iñaki Ostolaza izango da Zumaiako alkatea 2019-2023 agintaldian. Kargu hartzeko plenoa egin da gaur goizean, eta bere hautagaitzak jaso ditu boto gehien, 9; Oier Kortak 7 boto jaso ditu.

Ez da ezustekorik izan goizeko 11:00etan egindako plenoan. EH Bilduk gehiengo osoarekin irabazi zituen maiatzaren 26an egindako udal hauteskundeak, eta jakina zen Iñaki Ostolaza izango zela herriko alkate hastear den agintaldian. Hala berretsi du plenoak.

Udaletxeko pleno aretoa txiki geratu da hurreratutako jendearekin. Bertan zen, besteak beste, Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari orokorra eta EH Bildutik legebiltzarkidea. 

Alex Olidenek eta Maider Alberdik, hautetsi zaharrenak eta gazteenak, osatu dute Adinekoen mahaia. Hautetsien kredentzialak egiaztatu ondoren, hautetsi bakoitzak zin egin edo hitza eman behar izan dio Espainiako konstituzioari. EH Bilduko hautetsiek "herri honek onartu gabeko legediak hala behartuta" formula erabili dute. EAJ-PNVkoek "legearen aginduz eta ezinbestean" formularekin egin diote zin. 

Korporazioko kide diren hiru alderdietako zerrendaburuak ziren, printzipioz, alkate izateko hautagaiak. Azken unean PSE-EEko Arritxu Marañonek bere hautagaitza kentzeko eskatu du. Hala, bozketa ondoren, Iñaki Ostolazak (EH Bildu) 9 boto jaso ditu, eta Oier Kortak (EAJ-PNV) 7 boto. Boto zuri bat izan da. Ondorioz, Iñaki Ostolaza izendatu dute Zumaiako alkate. 

Alkate berriak hitza eman die oposizioko buruei. Arritxu Marañonek zoriondu egin du Ostolaza, baita Oier Kortak ere. Honek eskerrak eman dizkie bozketa egunean parte hartu zuten herritarrei, eta baita aurreko agintaldian Udal Gobernua osatu zutenei ere. Ongietorria ere eman die zinegotzi berriei. "Zumaiarren bizitza hobetzeko lan egin dugu, eta hala jarraituko dugu".

Alkate izendatu ondoren esandako lehen hitzetan Ostolazak eskerrak eman dizkie beraiengan konfiantza jarri duten guztiei, "eta baita aldeko botoa eman ez, edo bozkatu ez zutenei ere; denek osatzen dute Udala. Denekin eta denentzat lan egitera goaz". Aurrean erronka handiak dituztela aipatu zuen, baina "ikusten ez den Zumaia horretan" indarrak jartzera doazela azpimarratu zuen, "prekarietatean bizi diren herritar horietan". 

Ostolazak omendu nahi izan ditu aurreko legealdietan Zumaiako alkate eta zinegotziak, erakutsitako konpromisoagatik. Eta bereziki bere ama omendu du, "Garbiñe Esnal Uranga, berak erakutsi dit zer den militantzia eta konpromisoa".