‘Napardeath’ filma emango dute gaur Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2019ko eka. 13a, 09:33

Bertako udaberri - uda kultur programaren barruan Napardeath film estreinatu berria ikusteko aukera izango da gaur 20:30ean, Itziarko Andutz Biltokian.

Bere garaian Ataun Of The Dead (2010) eta Joxean ́s Hil Eben (2013) lanak aurkeztu ondoren, bueltan da Katihotsak Logia. Honetan, trilogiari amaiera emango dion film berria aurkeztuko digute: “Napardeath” ekoizpen berria. Euskal Herrian barna, puntarik punta, ibili dira erreka, ibai, mendi, desertu eta glaziarretan. 150 pertsonatik gora lagunek hartu zuen parte grabazioan, zazpi hilabetetan zehar.

Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñeara abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Bidea ez da uste bezain erraza izango ordea, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, nafar erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko asmoz. Nor izango da garaile tronua lortzeko dema honetan?

Filmaren zuzendariak bertan izango dira, ekoizpena azaltzeko. Aurkezpenarekin batera mokadua eskainiko da, bestalde.