Bizikletaz gozatzen ari dira haurrak eta helduak IV. Bizikleta egunean

Baleike 2019ko eka. 8a, 13:11

Arratsaldean, ginkana egingo dute. Eta ondoren, alebin eta infantil mailako txirrindulari proba izango da Zuloaga plazaren inguruan.

Garraiobide jasangarria izateaz gain, bizikleta kirola egiteko eta aisialdiaz gozatzeko ibilgailu aproposa dela erakutsi dute laugarren urtez Bizikleta egunean. Gaur egun osoan zehar, bizikleta ardatz duten hamaika jarduera izango dira Alaia auzoan; goiz partean esaterako, haur eta guraso mordoa bildu da Aitzuri pilotalekuaren inguruan, bizikletaren jaian parte hartzeko asmoz.

Goizen goiz, haurrei eta helduei zuzendutako mendi bizikleta irteera izan da, eta herrian geratu direnek ciclyng saioan parte hartzeko aukera ere izan dute; gogotik izerditu dute bertaratu direnek musikaren erritmoan. Jarraian, 11:30ean hasita, Eskola Bideak egitasmoaren barruan, bi ikastetxeetara joateko zehaztutako ibilbideak ezagutu dituzte haurrek eta gurasoek. Herria zeharkatu dute bizikletan parte-hartzaileek, eta hainbat geldialdi egin dituzte, bizikletan doazenean adi ibili behar duten lekuak zehazteko. "Haurrak eskolara oinez, bizikletan edo patinetean joatea sustatu nahi dugu, eta horretarako udalarekin elkarlanean Eskola Bideak izeneko ekimena abiatu dugu. Gaur Bizikleta eguna dela aprobetxatuz, herria zeharkatu dugu bizikletan, haurrek bi ikastetxeetara joateko ibilbideak ezagutu ditzaten", azaldu dute guraso elkarteetako ordezkariek.

Horrez gain, hirugarren urtez, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izan dute herritarrek Bizikleta egunean. Erabiltzaile bat esnetan, "harrigarria da" urtez urte bizikleta elektrikoen arloan teknologia nola garatzen ari den. "Ni Bizikleta egunean urtero ibiltzen naiz bizikleta elektrikoan, eta urte batetik bestera hobekuntza nabarmendu dut. Gainera, bizikleta elektrikoak, ahalegin txiki bat eginda aldapak gainditzeko eta bestela ezagutu ezin diren inguruetara iristeko aukera ematen du". 

Arratsaldeko egitaraua
Goizean Bizkleta egunera azaldu ez diren herritarrek, arratsaldean ere izango dute jaiaz gozatzeko aukera Alai auzoan. 16:30ean, ginkana izango da. Eta ondoren, 18:30ean, alebin eta infantil mailako txirrindulari proba egingo da Zuloaga plazaren inguruan.