Hasi da futbol zazpiko 19. txapelketa Aita Marin

Baleike 2019ko eka. 3a, 21:48

Gaur hasi eta uztailaren 24a bitartean jokatuko da txapelketa. Aurten 50 taldek eman dute izena.

Abian da uda baino lehen hasi eta uda betean amaitzen den futbol zazpiko 19. txapelketa Aita Marin. Edizio honetako parte hartzea ere handia izango da, izan ere, guztira 50 taldek eman dute izena.

Astelehenetik ostiralera bitartean, egunero sei partida jokatuko dira, 19:00etan hasita. Partida bakoitzak 22 minutuko bi zati izango ditu. 50 taldeak bederatzi multzotan banatu dira, eta uztailaren 5ean lehenengo fasea amaituko da. Ondoren, uztailaren 8tik aurrera, bigarren faseari ekingo zaio. Txapelketaren zati honetan, taldeak bitan banatuko dira. Hau da, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek liga jokatuko dute, eta gainerakoek, berriz, kopa. Amaitzeko, ligako eta kopako finalak hilaren 24an jokatuko dira.

Azken urteetan bezala, txapelketako izen ematea arrakastatsua izan da. Antolakuntzako kideek azaldu dutenez, “gutxi gorabehera taldeen erdiak zumaiarrak dira, eta gainerakoak Urola Kostako herrietatik etorriko dira. Hala ere, Debako, Elgoibarko eta Eibarko taldeak ere badaude”.

Areto futbolean izen emateko aukera zabalik
Areto futbolari dagokionez, datorren astelehenean, hilaren 10ean hasiko da kiroldegian. 29. areto futbol txapelketa egingo da aurten eta ekainaren 5a izango da izen emateko azken eguna. Informazio bilera, aldiz, ekainaren 6an egingo da kiroldegian, 19:00etan. Izen emateko dagokion orria bete eta aurkezteaz gain, taldeko jokalari guztien NAN fotokopia eta ordainketaren ziurtagiria (100 euro) aurkeztu beharko dira. Txapelketa ekainaren 10etik uztailaren 24a bitartean jokatuko da kiroldegian. Ordainketa kontu zenbaki honetan egin beharko da: ES33 2095 5174 98 1064265134.