Xabier Olaziregik Gipuzkoako Pala Egokituko finala jokatuko du larunbatean Andoainen

Baleike 2019ko mai. 31a, 10:25
Argazkia: Maxixatzen.eus

Zumaiarrak Iñaki Divasson izango du bikote. Aurkariak, berriz, Lorea Iribar eta Xabier Villar. Arratsaldeko seietan hasiko da partida.

Pilota Egokituaz gozatzeko aukera izango da bihar arratsaldean Andoainen. Bertan, jolas, erakustaldi eta erronkaz gain, hainbat txapelketatako finalak izango dira ikusgai, 18:00etatik aurrera. Lehenik, adimen urritasuneko palako txapelketako bi finalak jokatuko dira, eta ondoren gurpil aulkiko palakoa.

Adimen urritasuneko lehen finalean jokatuko du hain zuzen Xabier Olaziregi zumaiarrak. Liga gorrian aritu da jokatzen, eta Iñaki Divasson bikote duela Lorea Iribar eta Xabier Villar izango dituzte aurrez aurre. Ondoren, liga urdineko finala izango da: Jurdan Arakistain eta Joseba Altuna Aritz Lertxundi eta Iraitz Huegunen aurka. Amaitzeko, berriz, gurpil aulkiko finala egongo da. Hilario Olano eta Beñat Lizaso bikoteak Joseba Lasa eta Aingeru Senperena izango dituzte aurkari.

 Bihar amaituko den Pala Egokituko Gipuzkoako Txapelketan guztira adimen urritasuna duten 12 pilotari ibili dira, eta gurpildun aulkiko sei.