Itzurungo toldoen eta aulkien zerbitzua esleitzeko prozesua abiatu du Udalak

Baleike 2019ko mai. 27a, 14:38

Itzurun hondartzako toldo eta aulkien zaintza kudeatzeko zerbitzua lehiaketara atera du Udalak. Ekaina eta iraila artean emango da zerbitzua, eta esleipen prozesua abian da.

Interesdunek ekainaren 4a arte izango dute proposamenak udaletxean aurkezteko epea. Prozesua irekia izango da, hau da, edonork parte hartu ahal izango du, enpresa zein norbanakoek, eta behin epea amaituta, proposamen tekniko hoberenari esleituko zaio zerbitzua, esleipen zuzen bitartez. Udalak 15.000,00€ ( BEZa aparte) ordainduko ditu zerbitzuaren truke.

Toldo eta aulki zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean eskainiko da, horrenbestez, kontratuaren iraupena hori bera izango da. Esleipendunaren ardura izango da toldo zein aulkiak jarri, kendu, pilatu eta zaintzea, momenturo guztiak garbi eta erabilgarri mantenduz. Materiala Udalak jarriko du. Ordutegiari dagokionez, toldo eta aulkien muntaia 09:30ean hasi eta desmuntatze lanak 20:00etatik aurrera egin beharko dira, egunero, astelehenetik igandera.

Proposamenak aurkezteko ezinbestekoa izango da zerbitzuaren plangintza azaltzen duen memoria aurkeztea, eta baita zerbitzuaren arduradunen curriculum vitaea, formazioa eta kualifikazioa atxikitzea ere. Horrez gain, aipatu memorian txertatu beharko dira, besteak beste, zerbitzuaren antolaketa eta erabiliko diren errekurtsoen deskribapena, lan egutegia, langileen gaitasuna eta eskainiko den garbiketa zerbitzuaren deskribapena. Interesa dutenek eskaintzaren inguruko informazio guztia eskuragarri dute Udalaren webgunean.