Hainbat egitasmotarako diru laguntzak aurkeztu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Baleike 2019ko mai. 23a, 15:00

Urola Kostako Udal Elkarteak diru laguntza deialdia egin du ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko. Guztira 255.000 euro emango dira urte honetan aurrera ematen diren jardueretan.

Diru laguntza horiek lau arlotan banatuko dira:

  1. Jarduera ekonomikoak sortzeko edo proiektu berriak sustatzeko diru laguntzak (70.000 euro gorde dira lerro honetarako): enpresak berriak sortzeko edo lehengo enpresa batean jarduera berriak sortzeko diru laguntzak dira. Diru laguntzaren oinarria 1.000 eurokoa izango da. Kopuru hori handitu egingo da, sustatzailearen eta jardueraren proiektuaren ezaugarrien arabera.
  1. Enpleguaren sustapena (75.000 euro gorde dira lerro honetarako): langabeak kontratatzeko dirulaguntzak dira, hain zuzen ere Prestakuntza Bonoa eskuratu duten langabeak kontratatzeko. Kontratuak 6 hilabetekoa izan behar du, gutxienez (lanaldi erdikoa edo lanaldi osokoa).  Dirulaguntza izango da 2.200 eta 4.700 euro artekoa, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera. Gizonezkoekin alderatuta, kontratatutakoa emakumezkoa denean, 1.000 edo 500 euroko gehigarria izango da laguntzak; beti ere, lanaldiaren arabera. Kontratua mugagabea baldin bada, kopuru horri 3.000 euro gehituko zaizkio.
  1. Inbertsioetarako diru laguntzak (70.000 euro gorde dira lerro honetarako): itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emango dira enpresaren jarduerarekin zerikusia duten inbertsioetarako. Inbertsioak 2019an egina eta gutxienez 3.000 eurokoa izan behar du. Diru laguntzaren kopurua izango da, gehienez ere, inbertsioaren %30, betiere, gehienez, 2.000 euro.
  1. Lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzeko dirulaguntzak (40.000 euro gorde dira lerro honetarako): itzuli beharrik gabeko diru laguntzak emango dira eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek lehiakortasuna hobetzeko lankidetzan garatutako proiektuetarako. Diru laguntzaren zenbatekoa izango da, gehienez ere, onartutako proiektuaren %40 eta, gehienez ere, 3.000 eurokoa. Bazkide/partaide guztiak eskualdekoak baldin badira, diru laguntzaren zenbatekoa izango da, gehienez ere, onartutako proiektuaren %80 eta, gehienez ere, 7.000 eurokoa.

Iazko datuak
2018ean 163 eskabide aurkeztu ziren eta horietatik 123 eskabidek jaso zituzten diru laguntza. Orotara, 276.616,80 euro eman dira honela banatuta: enpresa berriak sortzeko 46 diru laguntza eman dira (59.160 euro), langabeak kontratatzeko 42 diru laguntza (133.550 euro), inbertsioetarako 30 diru laguntza (53.906,80 euro) eta lankidetza egitasmoak garatzeko bost diru laguntza (30.000 euro).

Aurtengo diru laguntzetako eskabidea egiteko eredua eskura daude hemen.