Zergatik ez emakumeak lan teknikoetan?

Baleike 2019ko mai. 22a, 13:41

Emakumeon* Etxeko Elkarteak eta Berdintasun sailak antolatuta, Emakumeak arlo teknikoko ikasketetan izeneko mahai ingurua izan zen atzo Oxforden. Emakumeen presentzia sektore teknikoan eta industrialean sustatzeko helburua izan zuen ekimenak.

Hainbat datu eta ikerketak dioten arabera, Lanbide Hezkuntzako ikasketak eta Industria eta Zientzia arloekin zerikusia dutenak ez dira emakumeen lehentasun izaten, eta, hain zuzen, gai horretan fokoa jartzeko asmoarekin, Emakumeon* Etxeko Elkarteak eta Berdintasun sailak eskualdeko emakume guztiei bideratutako saioa egin zuten atzo arratsaldean Zumaian. Bertan izan ziren hizlari Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria; Ianire Flores eta Eugenia Iraola GKNko langileak; Idoia Olano eta Aintzane Etxaide Kortagroupeko langileak; Marta Guezuraga, Haritz Zulaika eta Agurtzane Manterola Siemens engineseko langileak eta, azkenik, gaur egun sektorean lanean dabiltzan Amparo Borrachero eta Irune Bernal zumaiarrak.

Iturainek Urola Kostako langabezia datuen berri eman zuen, eta Gipuzkoako baxuenak izan arren, emakumeena gizonezkoena baino altuagoa dela nabarmendu zuen. Gainera, emakume gehienak zerbitzuen sektorean lan egiten zutela kontatu zuen. Hilean behin Udal Elkarteko enplegu zentroa Zumaiara etortzen dela ere azpimarratu zuen, eta gogoratu emakumeak kontratatzeko diru laguntzak daudela. “Emakumeen laneratzeak batzuetan arazoak sortzen ditu enpresetan, horregatik, aniztasunari buruzko programa bat garatu dugu, eta datozen urteetan ere bide beretik lan egiten jarraituko dugu”, esan zuen.

Mahai ingurura gonbidatuta zeuden hiru enpresa zumaiarrek beraien jarduera deskribatzeaz gain, emakumeak lan teknikoetara gehitzearen garrantzia nabarmendu zuten. GKN-n, esaterako, Zumaiako plantan lan egiten duten langileetatik soilik % 9 da emakumezkoa, eta horietatik biek bakarrik egiten dute lan tailerrean. Datu horiek hobetzeko lanean ari direla adierazi zuten enpresako langileek: emakumeentzako aldagelak egin dituzte, soldata berdina ordaintzen zaie, langile berriak hartzerako garaian diskriminazio positiboa egiten dute eta Lanbide Heziketako eskolekin emakumeak programa dualean hartzeko hitzarmenak dituzte. “Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa bultzatu behar dira. Gazteek ikusi behar dute lanbide heziketa bat ikasita lanbideratzeko aukerak dituztela”.

Kortagroupen egoera ere antzekoa da. 70 pertsonek egiten dute lan Oikian dagoen lantegian eta horietatik % 10 dira emakumezkoak. “Gurean, ordea, tailerrean ez dago emakumerik. Denak beste departamentu batzuetan egiten dute lan”, adierazi zuten. Etorkizunean beste argazki bat osatu nahi dutela azpimarratu zuten, eta Aintzane Etxaide langileak emakumeak sektore honetan lan egitera animatu nahi izan zituen. “Ez dut inoiz emakume izateagatik oztoporik izan enpresa horretan, ez eta ama izan nintzenean ere. Generoak ez du inporta, bai, ordea, bakoitzaren jarrerak, gaitasunak eta esperientziak. Hori dena izanez gero aurrera egin dezakezu”. 

Siemens enpresan, berriz, Oikiako plantan, % 30 da emakumezkoa eta Kortagroupen gertatzen den moduan, ez dago emakumerik produkzio departamentuan. “2020rako gutxienez bi emakume nahi ditugu sail horretan”, esan zuten. Perfil horretako emakumeak lortzea zaila dela azaldu zuten. “Aniztasuna nahi dugu gure enpresan eta ez dugu lortzen. Gogoa eta gaitasuna duten pertsonak bilatzen ditugu”, jarraitu zuten. Agurtzane Manterola bertako langileak sektore teknikoa eta industriala ezagutzeko eta baloratzeko aldarria egin zuen.

Esperientzia propioak

Amparo Borrachero eta Irune Bernal zumaiarrek duela gutxi egin dute sektore horretara jauzia, eta biak damurik ez dutela nabarmendu zuten. Borracherok denda bat izan zuen herrian eta hori utzitakoan Okin enpresan sartu zen Lanbiden ikastaro bat egin ondoren. “45 urte ditut eta ez naiz damutzen egindako ibilbideaz. Enpresan pertsona bezala hazi eta beste gaitasun batzuk garatu ditudala uste dut. Emakumeak hartzeko zain daude enpresak”, esan zuen.

Bernalek 20 urte ditu eta iaz hasi zituen Lanbide Heziketako ikasketak Oteitza lizeo politeknikoan. Beldurrarekin eta ezjakintasunarekin hasi zituela nabarmendu zuen. “Klasean neska bakarra izango nintzela pentsatu nuen, eta ikasten amaitutakoan zer lan egingo nuen ere ez nekien, baina GKNra bisita bat egin nuen eta asko gustatu zitzaidan. Laster formazio duala egiten hasiko naiz bertan”.