Xabier Orue-Etxebarria paleontologoa omenduko du bihar Geoparkeak

Baleike 2019ko mai. 21a, 16:40
Argazkia: Geoparkea.eus

Geotalks ekimenaren baitan, Orue-Etxebarriak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria jasoko du. Ekitaldian bertan El día que murió el mesozoico film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia izango da, 19:00etatik aurrera Aita Marin.

Joan den larunbatetik hilaren 25a bitartean, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Europako 9. Geoparkeen Astea ospatzen ari da Deban, Mutrikun eta Zumaian. Ekimen hori Europan egun dauden 73 geoparkeetan egiten ari da aldi berean eta helburu du tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea.

Hala, aste honen baitan hainbat ekintza ari dira egiten Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Zumaian, esaterako, bihar egingo da Geotalks ekimenaren hirugarren edizioa Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa izenburupean.

Ekimenak zientzia eta zinema lotuko ditu, eta bertan El día que murió el mesozoico film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da. Solasaldi horretan parte hartuko duten zientzialariak ondoko hauek dira: Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan aditua, eta, bestetik, Estibaliz Apellaniz EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria. Mahai-ingurua gaztelaniaz izango da eta Asier Hilariok, Geoparkeko zuzendari zientifikoak, egingo ditu gidari lanak. 

Horren aurretik, EHUko Paleontologia katedradun eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kide den Xabier Orue-Etxebarriak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria jasoko du. Lehen aldiz emango den aitorpen horren bitartez, Geoparkeko ondare natural eta kulturalaren ezagutzan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten pertsonen lana eskertu eta aintzatetsi nahi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Ildo horretan, ia 40 urte luzez egindako ikerketa lanari esker, Zumaiako flyschak nazioarte mailako ezagutza eskuratu du; azpimarratzekoa da, esaterako, Itzurungo hondartzan estratotipoak izendatzeko Orue-Etxebarriak egin zuen apustua.

Marrazki lehiaketa eta argazkilaritza tailerra
Europako 9. Geoparkeen Astearekin jarraituz, beste hainbat ekintza antolatu dira Zumaian datozen egunetarako. Horrela, ostiralean, hilaren 24an, Espeleologoa naiz marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da arratsaldeko 18:00etan Oxford aretoan. Ekitaldian parte hartuko dute Deba, Mutriku eta Zumaiako lehen hezkuntzako 6-12 urte bitarteko ikasleek. 

Larunbatean, berriz, argazkilaritza tailerra egingo da Alondegian Soraya Lopez eta Sonia Alvarezen Distirako kideen eskutik. Tailerreran helburua izango da mugikorrarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak ateratzea. Egun osoko ekitaldia izango da;  9:00etatik 13:30era (teoria) eta 16:00etatik 19:00etara (praktika). Izen-ematea doakoa da, eta parte hartzeko interesa dutenek ingurumena@geoparkea.com helbidera idatzi beharko dute.

Amaitzeko, Algorri Interpretazio Zentroak ate irekien jardunaldiak egingo ditu larunbata bitartean bertako baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko.