Fran Aizpurua: “Hor egongo naiz laguntzen, izkina batean banderatxo batekin bada ere”

Baleike 2019ko mai. 19a, 15:00

Apirilaren hasieran hartu zuen erretiroa Fran Aizpuruak. 35 urtez kirol teknikaria izana, kirol aldetik Zumaiak bizitako bilakaeraren eta hazkundearen lekukoa izan da. Apirileko Baleike aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera. 

Kazetaritza lanetan hasi nintzenean han zegoen Fran. Kirol munduan ezjakin totala nintzen (eta naiz), eta zerbait behar nuenean bere bulegotik pasatzen nintzen, edo telefonoz deitzen nion. 1980ko hamarkada erditik gaur egunera arte bera izan da Udalaren aurpegia kirol munduan. Kirol zinegotziak etorri eta joan egin dira, baita kirolariak ere; Franek hor jarraitu du. Orain arte. 62 urterekin, 63 egiteko, Franek erretiroa hartuko du. Arrazoi ezin hobea mahai baten bueltan eseri eta bere ibilbidearen eta, bide batez, Zumaiako kirolaren inguruan hitz egiteko.

Kirol teknikaria izan zara hiru hamarkada luzez. Nola hasi zinen lan honetan?
1984ko ekainean egin nituen oposaketak. Kiroldegia urte horretan bertan egin zuten, eta ekainean kudeatzaile postua atera zuten. Kiroldegia kudeatu behar nuen, eta, teknikari bezala, herriko kirola sustatu ere bai. Hala hasi ginen kirol jarduerak antolatzen Zumaian. Garai hartan ez zegoen kirol jarduera handirik. Futbola zegoen, arrauna, eskubaloia, pilota, piraguismoa eta askoz gehiago ez.

Lan honetan hasi aurretik ere bazenuen harremana kirolarekin.
Bai. Zumaiakoko jokalaria eta entrenatzailea izan nintzen, eta, atletismoan, Atletico San Sebastian taldearekin federatuta egon nintzen. Kirol munduan sartuta nengoen. Lanpostu honen aukera sortu zen, zortea izan nuen, eta aukeratu egin ninduten.

1984. urte hartan, zer egoeratan zegoen Zumaiako kirola?
Ekipamendu aldetik, hartxintxarreko futbol zelaia zegoen, hemen, Aita Marin, eta gero kiroldegia eta Odieta frontoia zeuden. Itsas kiroldegia geroago egin zen. Ez zegoen ekipamendu gehiago. Arraun elkarteak, garai hartan, Amaiako plazan zuen lokala; han zituzten aldagelak, eta handik ateratzen zituzten ontziak. Pulpoko taldeek orain Zumaiena den ikastetxean jokatzen zuten. Piraguistek moilan zegoen ikatz biltegi batean ibiltzen ziren. Handik Moilaberrian zegoen beste biltegi batera mugitu ziren. Txirrindularitza aldetik ere zerbait egiten zen, baina gauza gutxi. Orain, egia da, klub
asko dago, kirol mota desberdinak daude, eta ekipamendu aldetik osatuago dago. Hainbeste klub egonda, ekipamendu aldetik nahiko justu gabiltza. Baina aurreko garai harekin konparatuta, ez dauka zerikusirik.

Herri krosaren atarian omendu zintuztenean, Felix Aizpurua esatariak “Polideportiboko Fran” bezala ezagutzen zintuztela gogoratu zuen.
Kiroldegia kudeatzea zen nire lana, baita kiroldegi barruko jarduera guztiak eramatea ere. Gero, herriko kirola sustatu behar nuen, eta hala hasi ginen jarduerak antolatzen: krosak, areto futbola, futbol 7a... Gauza desberdin ugari egin dira: biko lasterketa, Artadiko igoera bizikletan, txakur lasterketa... Herrian kirola sustatzeko modu bat izan da, eta horrek kirol elkarte gehiago izatea ekarri du. Kate moduko bat izan da.

Hemen zorte handia izan dut boluntarioekin. Krosa antolatu behar genuenean aurretik korrika aritutako jendearekin edota kuadrillekin hitz egiten genuen, boluntarioak aurkitu eta lasterketa egiteko. Hala hasi ginen gauzak egiten. Baina beti boluntarioen laguntzarekin. Zerbait antolatu nahi denean gauza bat garbi izan behar da: jendea behar dela lanerako. Zerbait eskertu behar badut boluntarioen laguntza da, bestela ezinezkoa litzateke 35 urte hauetan egindakoaren laurdena egitea ere. Adibidez, 350 lagun behar dira Flysch Trailerako. Horiek gabe ezingo litzateke egin. Eta Flysch
Trailarekin bezala, krosarekin, txirrindularitza probekin, denarekin.

Aurrez aipatu dituzun probetako batzuk (Artadiko igoera, kasu), bide ertzean geratu
dira. Agian kirol jarduera gehiegi ere badugu herrian?
Gauzak aldatu egiten dira, modengatik edo beste kontu batzuengatik. Gaur egun ikusten da jendea denerako dagoela. Orain mendi lasterketak daude modan, eta lehen krosak egon ziren. Zerikusia ere badu elkarteekin. Denetik dugu hemen, uretako kirolak eta lehorrekoak. Judoa dugu, eta orain xakea ere bai. Talde edo elkarte horiek sortzen direnean, jarduerak antolatzen dituzte beraien kirola bultzatzeko. Horiek ere gehitzen joaten dira, eta herria txikia da. 18 kirol elkarte daude gaur egun Zumaian. 

Kirol proba bat dagoenean batetik bestera bueltaka ikusten zaitugu. Hesiak mugitzen, paperak eramaten... Ikusten ez dena bulegoko lan grisa da.
Barruko lana. Kirol proba horiek egiteko aurretik baimen guztiak lortu behar dira, trafikoa dela, federazioak direla, anbulantziak... Gero, erabaki behar da logistika nola antolatu nahi den, eta boluntarioekin hitz egin behar da. Eta azkenean egunean bertan hori dena aurrera eraman behar da. Lan hori ez da egun bakarrekoa. Proba batzuek bi edo hiru hilabeteko aurrelana eskatzen dute, eta Flysch Trailaren kasuan, urtebetekoa. Horrek ez du etenik.

Zenbat opor garaitan izan zara lanean?
Kanpora joatean atseden hartzen duzu, baina, oporretan, Zumaian geratzen bazara... Jendeak kalean gelditzen zaitu, hau antolatu behar dutela, beste hau behar dutela; nik ez dakit ezetz esaten, eta lagundu egiten diezu. Etxean ohituta egon dira. Hasieratik bazekiten zer zegoen eta nola ibiltzen nintzen bilerekin eta. Gero, asteburuetan antolatzen dira kirol ekitaldiak, eta lotuta zaude. Zorionez, emazteak eta familiak onartu dute hala zela.

35 urte aritu zara teknikari lanetan. Zumaiak kirol aldetik bizi izan duen hazkundea nola ikusi duzu?
Hazkunde handiena izan zen kiroldegia berritu zenean eta igerilekua egin zenean, 1999an. Igerilekuarekin eta gimnasio berriekin halako boom bat izan zen. Urtebeteko epean laukoiztu egin zen bazkide kopurua: 600dik 2.200era igo zen. Gimnasio berriekin jarduera gehiago sortu ziren: mantentze gimnasia, zumba, aerobika, aquagyma...
Horrek guztiak jendea kiroldegira ekarri du.

Lehen modak aipatzen zenituen. Kirol eskaintzan ere izango dute modek eragina.
Une batean arrakasta duten kirol batzuk handik urte batzuetara alde batera uzten dira,
eta berriak sortzen dira. Gaur egun hori gertatzen da kirol batzuekin, adibidez, crossfit edo cyclingarekin. Igerilekuan ere ikusten da. Igerilekua egin zenetik 20 urte igaro dira, eta denbora honetan jendeak igeri egiten ikasi du, eta zeharkaldietarako eta beste probetarako prestatzen da. Hasieran jende gutxi ibiltzen zen, igerilekua nahiko lasai egoten zen; momentu honetan jende asko dabil. Eta igerilekuaz diodana, goiko gimnasioez ere esan daiteke: pesak eta muskulazioa egiten egoten den jendearekin une batzuetan beteta egoten da. Instalazio berriek jendea bultzatu dute kirola egitera.

Agian txiki geratu dira instalazio hauek?
Gertatzen dena da denok ordutegi berean joaten garela. Lanetik ateratzen direnean dute askok igerilekuan aritzeko aukera. Justu samar gabiltza, zailtasunekin, baina oraindik moldatzen gara ekipamendu hauekin.

Kirol elkarteen hazkundea ere izan da. Esan duzun bezala, egun 18 klub daude Zumaian. Batzuk, gainera, gure artean hain ohikoak ez diren kirolen ingurukoak dira. Halako mugimendurik aurreikusten al zenuen?
Kostako herri bat izanda, ikusten duzu uretako kirolek garrantzia izango dutela. Hasieran arrauna eta piraguismoa zeuden. Gero etorri dira urpekaritza, eta surfa eta bodyboarda, bere modalitate guztiekin. Kirol portua inauguratu zutenean Nautika Santixo eta belakoak ere hor hasi ziren. Lehorrekoan ikusten da futbolak eta eskubaloiak gorakada handia izan dutela, eta frontoi berriarekin pilota ere gorantz doa. Nik uste dut elkarte guztiak doazela gorantz. Ikusten dut denek dutela mugimendua eta ari direla gauzak egiten.

Elkarteen artean beti egon dira halako liskarrak. Zezen horiek toreatzea ere tokatuko zitzaizun.
Beti egoten dira halako liskar txikiak, baina azkenean derrigorrez konpondu behar dira. Tartean harrapatu gaituenean saiatu gara beti gauzak lasaitzen. Zerikusi handia du klubetako zuzendaritzetan dagoen jendeak. Horren arabera, batzuetan gauzak konpontzea errazagoa izaten da besteetan baino.

Zumaiako kirolaren urrezko aroa bizi izan duzu. Arraunean, pilotan, piraguismoan, surfean eta bodyboardean, kirol askotan. Pozgarria izango da zuretzat...
Kirol elkarteek lana ondo egiten dutela erakusten du horrek. Ia kirol guztietan izan da zerbait: arraunean Kontxako banderekin, futbolean 3. mailara igo zirenekoa –orain, gainera, jokalari bat dago lehen mailan–, Iñaki Osa Goikoetxea zesta puntan, Kauldi Odriozola eta Ander Torriko eskubaloian, txirrindularitzan ikusten da gazte jendea ari dela ateratzen, Imanol Yeregi surfean eta Alex Uranga bodyboardean, Iñigo Peña olinpikoa izan da... Ikusten da ia kirol guztietan ari dela jendea ateratzen. Hori ez da herri guztietan gertatzen. Hain herri txikian hainbeste kirolari ateratzea, eta hain kirol desberdinetan, pozgarria da.

Emakumeak ere ari dira bere lekua hartzen kirolean ere. Hori ere txalotzekoa da.
Emakumeak kirolean aritzeko lanean aritu gara. Krosean horregatik jarri genuen distantzia erdiko lasterketa, 10 kilometrokoa gehitxo bazuten, 5 kilometrokoan aritzeko. Dirulaguntzetan ere, orain urte batzuk, elkarteek puntu gehiago jasotzen zituzten emakumezkoen partaidetzarekin. Ikusi da eragin handia izan duela kirol guztietan. Kirol elkarte guztiek dute orain emakume kopuru handia; batzuetan ia % 50ekoa. Gero, emaitzak ere onak izan dira. Triatloian, arraunean... Emaitzak ez dira hainbeste begiratu behar, baina parte hartzearekin batera emaitzak ere etortzen badira, hobeto. Baina ez da izan elkarteen ardura bakarrik; gizartea ere aldatu da, eta emakumeek gero eta gehiago hartzen dute parte.

Hiru hamarkada eta erdi egin dituzu lan honetan. Zerekin geratzen zara?
Hasi nintzenean nahiko kezkatuta nengoen, ardura handia zelako. Bat-batean kirol munduan zaude lanean, instalazio bat kudeatu behar duzu, zerotik hasten zara lanean, eta zure lanen artean kirola sustatu behar duzu. Hori nola egiten da? Gero, ikustea aurrera doala eta gero eta elkarte gehiago, gero eta kirol gehiago, gero eta bazkide gehiago dagoela, horrekin geratuko nintzateke. Nola hasi ginen eta gaur egun Zumaiako kirola nola dagoen. Egindako lanak emaitzak eman ditu.

Une txarrak ere biziko zenituen.
Beti zaude gauzak antolatzen, eta urduritasuneko momentuak hor daude. Gauzak ondo egin nahi dituzu, eta batzuetan norbaitekin haserretzen zara. Edo beste batzuetan ezin diozu behar bezala erantzun eskaera bati. Baina, beno, une txarrak egongo ziren, baina 35 urte hauetan egindako lanean une onak askoz gehiago izan dira.

Herri krosean omenaldia jaso zenuen. Udalak eta herriko klubek, guztiek, omendu zintuzten. Gogoan dut esan zenidala pasatu egin zirela.
Banekien zerbait egitekoak zirela. Pentsatzen nuen betikoa izango zela, hau da, plaka txiki bat emango zidatela. Ez nuen gehiago espero, eta horrekin gustura geratuko nintzen. Gero ikusi nuen elkarte denak han zeudela..., eta bai, polita izan zen. Eskertzekoa da, eta seinale gauza batzuk ondo egin ditugula.

Familia ere han zenuen.
Bai, nik ez nekien ezer, baina beraiek bai! 

Apirilaren 9an erretiratzen zara. Baina, zu ezagututa, ez dut uste geldirik egongo
zarenik.
Orain beste aldera pasako naiz, boluntario moduan. Horrenbeste urtez boluntarioak lanean jarri ondoren, orain ni ez egotea laguntzen, pixka bat egoista izango litzateke nire aldetik. Hor egongo naiz laguntzen, izkina batean banderatxo batekin bada ere. Gero, nire ordez egongo denak nire laguntza edo aholkua beharko badu, hor izango nau, zalantzarik gabe.