Denis Itxaso: “Klima aldaketaren aurkako borroka lehentasun politikoen erdian ipintzeko unea da”

Baleike 2019ko mai. 18a, 15:53

Ingurumenari buruzko Foru Aldundirako hauteskunde programa aurkeztu dute sozialistek gaur Zumaian egindako agerraldian. Besteak beste, lurraldearen energia eraginkortasuna hobetzea eta autokontsumoa sustatzea eta erraztea dira Gipuzkoako PSE-EEren proposamenen oinarriak. 

Denis Itxaso Gipuzkoako PSE-EEren Ahaldun Nagusirako hautagaiak maiatzaren 26ko Foru Aldundirako hauteskunde programa aurkeztu du gaur San Telmo ermitan. Bertan izan dira, Itxasorekin batera, egungo Ingurumeneko diputatu eta Oriako hautesbarrutiko zerrendaburu Jose Ignacio Asensio, Deba-Urolako zerrendaburu María Jose Telleria, Bidasoa-Oiartzungo zerrendaburu Goizane Alvarez eta Zumaiako alkategai Arritxu Marañon.

Akordio sozial zabal baten itartez, energiaren eta klimaren estrategia integratu bat lantzea proposatu du Itxasok, trantsizio ekologiko “bidezkoa eta ekitatiboa” bermatzeko.

Gipuzkoak etorkizunari, ekonomia berdeari eta iraunkortasunari begiratzeko garaia dela irizten dio Itxasok. Haren hitzetan, klima aldaketaren aurkako borroka lehentasun politikoen erdian ipintzeko unea da, “ekonomia zirkularrean eta bidezko energia trantsizio batean oinarritutako karbono txikiko ekonomia baterako trantsizioaren buruan jarriz”.

Hiri hondakinen kudeaketa publikoaren arazoa konpondu dutela ospatu behar dutela uste dute: “Gipuzkoak azken hamarkadetan izan dituen arazo nagusi eta gatazkatsuenetako bat konpondu dugu”. Itxasok azaldu duenez, Europar Batasuneko politika aurreratuenak jarraituz, legealdi honetan hondakinen kudeaketa zirkulua ixteko gai izan dira. Hondakinen hierarkia betetzeaz gain, teknologia aurreratuena erabiliz azpiegitura modernoak eraiki dituztela nabarmendu dute. Bestetik, klima aldaketaren aurka borrokatzeko Klima 2050 estrategia gipuzkoar bat landu dutela gogoratu nahi izan du Ahaldun Nagusirako hautagaiak.

Klima aldaketaren aldagaia zeharkako elementu gisa sartu eta klima gobernantza gure lehentasunetako bat bezala kokatu ondoren, Gipuzkoarako energia berriztagarrien eredu berriak bilatzeko, gure lurraldearen energia eraginkortasuna hobetzeko, eta kontsumitzaileen autokontsumoa sustatzeko eta laguntzeko garaia da, herritarrek energia berdea, ekonomikoa eta lehiakorra erabiltzeko aukera izateko”, adierazi du Itxasok.

Akordio “zorrotz, zabal eta parte hartzaile” baten bitartez energia eta klimako estrategia integratua osatzea proposatu dute sozialistek. Itxasoren ustez, esparru publikoko eta pribatuko sektore guztien beharrei erantzun beharko die elkarrizketa horrek, eta trantsizio ekologiko ekitatiboa bermatu beharko du. Udalei babesa emateko plan bat ere abiatu nahi dute, energia trantsizioko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko plan bat gauzatu dezaten. Horrez gain, industrian energia trantsizioa errazteko neurriak proposatu dituzte, energia berriztagarria erabiltzeko eta CO2 hartzeko, garraiatzeko eta biltegiratzeko laguntzen bitartez.

Epe laburrean, energia-aurrezpen eta -eraginkortasuneko arloetan politika aktiboei ekin behar diegu, energia berriztagarrien erabilera % 32,5era iristeko Europak ezarritako helburua betetzen dugula ziurtatzeko. Horri esker, gaur egun jasaten ari geren energia-mendetasunaren —energiaren % 95 kanpotik ekarri behar dugu— aurka borrokatu ahal izango dugu”, azaldu du Ahaldun Nagusirako hautagaiak.

Administrazio publikoetako eta sektore pribatuko eraikinetan eta instalazioetan energia eraginkortasuna sustatuko dute. Horretarako, industrian, merkataritzan eta zerbitzuetan eraginkortasunaren arloan inbertsioa sustatzeko neurri fiskalak hartuko dituztela hitz eman dute.

Administrazio publikoek % 70-100 energia berriztagarriak erosteko konpromisoa hartzen dugu, eta district heating-en garapenaren aldeko apustu garbia egingo dugu”, baieztatu du Itxasok.

Murrizketak, hobariak edo salbuespenak proposatu ditu PSE-Eek ekonomia zirkularreko paketean ezarritako helburuak betetzeko jardueretarako eta bereziki hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prebentzioa eta prestaketa sustatuko duten jardueretarako, sozietate zergen bitartez.

Ekonomia zirkularra hazkunde ekonomikorako eta enplegu berdea sortzeko aukera bat dela uste du Itxasok. Konpromiso hauek hartu dituzte: erosketa publiko berdea sustatzea, material berrerabilgarrien eta birziklatuen erosketak sustatzea, materialetan ekodiseinua sartzen, garapeneko zentro neuralgiko gisa circular economy hub-i balioa ematen laguntzea, birziklatzea, teknologia eta joera berrien garapen pilotua laguntzea eta gazteekin elkarrizketa foroa sortzea.

Belaunaldi berriak ingurumen arloko gaiekin “oso sentsibilizatuak” daudela eta, “inoiz baino beharrezkoagoa” iruditzen zaie sozialistei haiei entzutea eta hitza ematea. Orainaren inguruan ekarpenak, ebaluazioak eta ikuspegiak plazaratzeaz gain, etorkizuna gazteekin diseinatu nahi dute.

Azpiegitura berdeak sustatzeko asmoa ere adierazi du Itxasok: “Gune natural eta erdi naturalez osatutako sare bat osatzea da helburua, lurralde osoan ekosistema aberatsak eta biodibertsoak edukitzeko. Gainera, gune horiek uholde arriskuak eta bero boladak murrizten lagunduko dute, horiexek baitira, hain zuzen ere, gure lurraldeak jasan ditzakeen klima aldaketaren ondorio nagusietako bi”.