Hauteskundeetako datu historikoen atal berezia sortu dugu

Baleike 2019ko mai. 16a, 13:47

1977tik gaur egun arte egin diren hauteskunde guztietako Zumaiako datuak bildu ditugu baleike.eus/hauteskundeak atal berezian. Infografiekin lagunduta, datuak irakurtzeko hainbat modu eskaintzen ditu: hauteskunde jakin batekoak, hauteskunde motaren arabera edota alderdika. Gainera, bi hauteskundetako emaitzak alderatzeko aukera ematen du.

Tresna honi esker, lehen aldiz gune bakar batean bilduta jaso dira Zumaiako hauteskunde guztietako emaitzak: Udaleko, Batzar Nagusietako, Eusko Legebiltzarreko, Espainiako eta Europako hauteskundeetako datuak. Maiatzaren 26ko emaitzak ere tresna honetan bilduko ditugu, aurrerantzean datu guztiak eguneratuta egon daitezen. 

Bestalde, hauteskundeetako datuak hobeto ulertzeko, hainbat ohar gehitu ditugu orrialdeen azpialdean; esate baterako, Ezker Abertzalearen ilegalizazio garaietako datuak interpretatu ahal izateko.