2018ko aurrekontuen likidazioa izan zuten hizpide legealdi amaierako plenoan

Baleike 2019ko mai. 16a, 13:04

Legealdiko azken-aurreko plenoa egin zuten atzo udaletxean. Tramite moduan, bilkura honetako akta onartzeko beste pleno bat egingo dute behin hauteskundeen ondoren.

2018ko udal aurrekontuen likidazioaren berri eman zuten bilkuran. Marikruz Alvarez ogasun zinegotziak esan zuenez, likidazioaren ondorengo gerakina 5.384.609,01 eurokoa da. Gerakin horretatik 819.650 euro erabiltzeko kreditu aldaketa onartu zuen bilkurak ahobatez, 12 botorekin (Jon Iraola ez zen plenoan izan).

Diru kopuru hori proiektu hauek aurrera eramateko erabiliko ditu Udalak:

  • Herri Eskolako Aita Mari eraikinaren kanpoaldean egingo diren lanak, hau da, estalpea eta patioan egingo diren hobekuntzak.

  • Basadiko saneamendua hobetzeko lanak, enpresa espezializatu batek egin beharrekoak.

  • Oikiako Eskola berriaren inguruko urbanizazio lanak.

Bestalde, ordenantza fiskaletan aldaketa batzuk egitea ere onartu zuen bilkurak ahobatez. Aldaketen artean hilerriko kolunbarioaren tasak daude. Honen tasa 297,84 euro izango da 15 urteko epean. Udazaintza zerbitzuko prezioak ere onartu zituen: 140 euro ordainduko dira hilabeteko zerbitzuagatik, eta 75 euro hamabostaldia aukeratuta. Familia ugarien kasuan, prezioa 98 eta 52,50 euro izango dira, eta larrialdi kasuren batean dauden familientzat doan.