Europako Geoparkeen Astearen IX. edizioa egingo da bihartik hilaren 25era

Baleike 2019ko mai. 16a, 09:00
Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea.

Denetariko ekitaldiak izango dira Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Zumaian aipagarriena maiatzaren 22an egingo den GeoTalks: Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa ekimena izango da.

Europako Geoparkeen Astearen IX. edizioa egingo da Geoparkean. Ekimen hori Europan dauden 73 geoparkeetan burutuko da aldi berean, eta helburu du lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzea.

Edizio hori ostiralean hasiko da eta maiatzaren 25ean amaituko da. Egun horietarako askotariko egitaraua antolatu dute Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Zumaiako kasuan aipagarriena datorren asteazkenean egingo den GeoTalks: Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa ekimena izango da. Zientzia eta zinema lotuko ditu ekimenak, eta, horrela, El día que murió el mesozoico film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da Aita Mari aretoan, 19:00etatik aurrera.

Duela 66 milioi urte asteroide batek lurra jo eta animalien, landareen eta mikroorganismoen desagertze masiboa eragin zuen. Film laburrak, aztarnei segituz, misterioa argitu zuen detektibe-lan bikainaren istorioa kontatzen du eta zati batzuk Zumaian grabatuta daude. Emanaldiaren ondoren, Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan adituaren, eta Estibaliz Apellaniz EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindariaren arteko solasaldia egongo da. Moderatzaile lanak Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak egingo ditu.

Aste horretako egitarau osoa kontsultatzeko hemen.