Zumaiako bost ontzik hartuko dute parte Gipuzkoako trainerilla ligako lehen jardunaldian

Baleike 2019ko api. 30a, 20:33

Batelen denboraldia atzean utzita, bihar bertan emango zaio hasiera Gipuzkoako trainerilla ligari. Pasai Donibanen jokatuko da estropada, erlojuaren kontra, 11:00etan.

Gipuzkoako trainerilla ligako lehen jardunaldia jokatuko da bihar Pasai Donibanen. Batelen denboraldia amaituta, trainerillak uretaratzeko ordua iritsi da. Zumaiako Arraun Elkartetik bost ontzi joango dira biharkoan: gizonezko jubeniletan bat, eta emakumezko eta gizonezko seniorretan bina.

Erlojuaren aurkako estropada izango da. Donibaneko plaza parean hasiko da estropada eta Lezo aldera egingo dute arraun ontziek lehenengo ziabogara iritsi arte (Zamakona ontziola). Ondoren, itsaso alderantz abiatuko dira bigarren ziabogaren bila (Alabortza parera). Handik irteera puntura itzuliko dira estropadarekin amaitzera.

Gipuzkoako trainerilla ligak bost jardunaldi izango ditu:

  1. Jardunaldia: Pasai Donibanen (maiatzak 1)
  2. Jardunaldia: Baionan (maiatzak 4)
  3. Jardunaldia: Getaria (maiatzak 5)
  4. Jardunaldia: Donostian (maiatzak 11)
  5. Jardunaldia: Zarautzen (maiatzak 12)

Gipuzkoako txapelketa maiatzaren 18an eta 19an jokatuko da Hondarribian. Euskadikoa, aldiz, maiatzaren 25ean eta 26an izango da Ondarroan.