Santelmoak 2019

Jose Luis Arribasek igoko du santelmoetako bandera

Baleike 2019ko api. 26a, 10:34

Oriotarra jaiotzez, ia bizitza osoa eman du itsasoan lanean. Duela hogei urte etorri zen Zumaiara, eta festak gustukoak dituen arren, aitortu du ez dituela bertakoak bezala bizitzen. Hala ere, pozik jaso du bandera igotzeko zeregina.

14 urterekin hasi zen itsasoan lanean Jose Luis Arribas oriotarra. “Aitak esan zidan ea arrantzale izan nahi nuen, eta beno, lanbideaz ezer askorik jakin gabe baiezkoa eman nion. Bere lagun bat arrantzalea zen eta harekin hasi nintzen”, kontatu du. Garai hartan aukera askorik ez zegoela nabarmendu du, eta gainera diru asko irabazten zela. “Orain gauzak asko aldatu dira”, jarraitu du.

Duela hiru urte hartu zuen jubilazioa, eta ia bizitza osoan arrantzalea izan den arren, 13 urtetan lehorrean jardun zuen lanean. “Igeltsero ibili nintzen, baita elektrizista moduan ere. Azkenean krisia etorri zen, eta jubilatzeko falta zitzaizkidan bost urteak egiteko itsasora bueltatu nintzen”.

Orioko Tubal berria itsasontzian hasi zen lanean, eta, gero, Getariako Matter baporean jarraitu zuen. “Teknologiari esker, asko hobetu da itsasoko lana. Arraia harrapatzeko sarea bota behar da, baina aurrerapen handiagoak daude gutxienez. Hala ere, lanbide gogorra izaten jarraitzen du”, nabarmendu du.

Antxoaren eta hegaluzearen kanpainetan egin izan du lan Arribasek. “Mediterraneoan ibiltzen ginen, eta Azoreetara eta Kanariar uharteetara ere joaten ginen”, gogoratu du. Bien artean gustukoena hegaluzearen kanpaina izaten zuen. “Txarrena zen etxetik kanpo egun asko pasatzen genituela, bestela polita izaten zen hegaluzea harrapatzea. Antxoaren kanpainan, berriz, asteburutan herrian egoten ginen eta horrek asko pozten gintuen”, kontatu du.

Arrantzaren sektorean belaunaldi falta dagoela azpimarratu du. “Ez dago patroirik, eta itsasontziaren goialdean ez badago inor ez dago zereginik. Berdin dio arrantzale asko egotea, patroirik gabe ezin da itsasora atera. Gazteak ez dira itsasoan hasten, eta, horrela, etorkizun beltza ikusten diot arrantzari”, esan du.

Urduritasunik ez

Igandean santelmoetako bandera igotzeko ohorea izango du Arribasek. Festak gustukoak dituela aitortu du, baina zumaiarra ez izanda, bertakoak bezainbeste ez dituela bizitzen ere kontatu du. “Bandera igotzeko esan zidatenean pozik hartu nuen berria, eta beno, nahiz eta horrenbeste ez bizi, ahal bezain ondo egiten saiatuko naiz. Badakit festetako momentu garrantzitsuenetakoa dela, baina oraingoz ez nago urduri”, azaldu du. Bitartean, eta azken urteetan egiten ari den moduan, arraun elkarteko lokalean jardungo du laguntzen. “Jubilatu nintzenetik apenas atera naiz arrantza egitera. Nire denbora arraun lokalean pasatzen dut, eta bestela, paseatzen”, kontatu du.