Malen Solozabal: “Datorren denboraldian ikasten jarraitzea da asmoa eta, ahal bada, postu on bat lortzea”

Baleike 2019ko api. 19a, 09:19

Errealaren emakumezkoen bigarren taldean jokatu du Malen Solozabal (2001) zumaiarrak urte honetan. Denboraldi paregabea egin dute, eta martxoa amaieran, bi partiden faltan, liga irabaztea eta mailaz igotzea lortu zuten. Harrobia lantzeko helburuarekin sortu zuen Errealak talde hori iaz, eta emaitzak ikusita, ondo bidean ari dira. Irailetik aurrera Euskal Ligan izango dira.

Bi partiden faltan lortu zenuten liga irabaztea martxoa amaieran. Pozik egindako lanarekin?
Bai. Gure helburuen artean igoera lortzea zegoen. Horretaz gain, jokalari berri asko ginenez, talde bat egitea ere bazen beste helburuetako bat.

Nola ospatu zenuten?
Zubietan izan zen partida, eta egia ez genekien nola ospatuko genuen, baina oso natural atera zen. Borobil bat egin genuen, txanpaina atera zuten eta builaka eta kantatzen hasi ginen. Polita izan zen.

Emaitza oso onak izan dituzue denboraldian zehar. Zein izan da gakoa?
Partida baten faltan, bat ezik, beste guztiak irabazi ditugu. Aurten entrenamenduak nahiko serioak izan dira; bi ordukoak astean hirutan eta hori nabaritzen da. Gainera, gure taldea selekzio txiki bat modukoa da eta jokatu dugun ligako besteak herriko taldeak izan dira. Inor gutxietsi gabe, baina igarri egin da aukeratutako pertsonekin osatutako talde bat ginela.

Liga berean Zumaiako neskak daude. Nolakoa izan zen beraien aurka jokatzea?
Orain gutxi arte nire taldekideak izan zirenen aurka jokatzea berezia izan zen. Jende asko etorri zen partida ikustera: koadrila, klasekideak, familia… Denboraldi guztian partida horren zain egon nintzen.

Talde berria osatu duzue. Zer moduz moldatu zarete?
Oso ongi. Hasiera batean arduratuta nengoen. Azkenean jende berriarekin gustura nahi nuen egon, baina egia esan harreman oso ona egin dugu. Ikasketek ere arduratzen ninduten. Bigarren batxilergoa amaitzen ari naiz eta astean hirutan Zubietara joaten naiz. Entrenamendua eta joan-etorria kontuan hartuta arratsalde osoa pasatzen dut, baina ongi uztartu ditut ikasketak eta futbola. 

Hurrengo denboraldian Euskal Ligan jokatuko duzue.
Aurten Gipuzkoa mailan jokatu dugu, baina datorren urtean Euskadi mailan arituko gara. Liga hobea da, eta jokalari hobeak ditu. Kategoria berak maila gehiago eskatzen dizu, beraz, gu geuk ere gehiago eman beharko dugu. Urte polita izango dela uste dut. Emaitzak ez dira aurtengoak bezalakoak izango ziur aski; lehia handiagoa egongo da.

Maiatzeko lehen asteburuan izango duzue ligako azken partida Eibarren.
Inportantea da. Irabazten amaitu nahi dugu eta denboraldia borobildu. Partida bakarra berdindu dugu (Añorgaren aurka), eta azkena ere irabazi nahi dugu. Ez da erraza izango Eibar talde gogorra baita.

Zumaiakon hasi zinen gaztetxoa zinela. Nola gogoratzen dituzu lehen urte horiek?
Oso gustura. Futbol eskolan hasi nintzen, eta gero, urtez urte mailaz igotzen joan nintzen. Azken denboraldian kadeteekin eta helduekin jokatzen nuen. Jende asko ezagutzeko aukera eman dit Zumaiakok, baita futbolean hasteko aukera ere.

Zumaiakotik Errealera eman zenuen saltoa.
Zumaiakoko entrenamendu batean, entrenatzaileek Errealaren gutun bat eman zidaten beraiekin entrenatzen hasteko gonbidapenarekin. 2017ko azaroa zen eta ilusio askorekin hartu nuen berria. Astean behin hasi nintzen Zubietara joaten. Beranduago, talde berria sortu behar zuela eta, aukeratua nintzela esan zidaten.

Abuztuan hasi zenuten aurredenboraldia.
Bai, 16an. Kontzentrazio modura eta elkar ezagutzeko kanpora eraman gintuzten lotara. Momentu horretan konturatu nintzen exijentzia maila bat eskatzen zuela bertan egoteak. Baliabideak ere handiagoak ditu Errealak. Entrenatzaile fisikoa dugu, lehenengo eta bigarren entrenatzailea, medikua… Jokalariok ere gure aldetik dena eman behar dugu.

Lesio aldetik nola ibili zara?
Ez dut aparteko ezer eduki. Alde horretatik oso ongi ibili naiz futbolean hasi nintzenetik.

Nola ikusi zara taldean?
Beldurrarekin joan nintzen, berria zen dena niretzat eta arduratuta joan nintzen. Zumaiako uztea ere pena ematen zidan, baina aukera aprobetxatu behar nuela uste nuen eta pozik nago. Kirol mailan hobetu dudala uste dut, baita pertsonalki ere. Asko ikasi dut arlo askotan.

Esperientzia positiboa izan da, beraz.
Bai, egia esan espero nuena baino askoz hobeto moldatu naiz. Lehen esan dudan moduan asko ikasi dut, jende berria ezagutu dut eta ikasketekin ere ongi ibili naiz. Gurasoak ere pozik daude, eta partidetara joaten direnean beste gurasoekin ongi eramaten dira.

Datorren denboraldian ere bertan izango zara.
Klubaren eta entrenadoreen helburua harrobia lantzea da. Bigarren taldekook hasiberriak gara, baina pixkanaka lehen mailako taldearen mailara igotzea da nahia. Beraz, datorren denboraldian ikasten jarraitzea da asmoa, daukagun maila ateratzea eta ahal bada postu on bat lortzea.