Bidasoaren eta Sinfinen arteko partida jokatuko da bihar Artalekun

Baleike 2019ko api. 18a, 11:53
2017ko Pulpo Eskubaloiaren udako sarian Zumaian. Torrikok Benidormekin jokatzen zuen orduan. Argazkia: Peio Romatet.

Kauldi Odriozola eta Ander Torriko aurrez aurre neurtuko dira bihar Irunen, 19:00etan hasiko den partidan.

Umetako lagunak dira Odriozola eta Torriko, baina lagunak izateaz gain, elkarren aurka jokatzen ere ohituta daude duela urte batzuetatik hona. Asobal ligarako jauzia talde ezberdinetan eman dute, ondorioz, norbere taldea defendatzea besterik ez zaie geratu. Odriozolak Bidasoan egin du ibilbidea, eta Torrikok, berriz, Benidormen eta, orain, Santanderko Sinfin taldean.

Denboraldi bikaina osatzen ari dira bi zumaiarrak. Bidasoa bigarren da ligan eta Odriozolaren lana ezinbestekoa da taldearen norabidean. Torriko ere ez da atzean gelditzen, eta lehen mailara igo den taldea bide onetik eramaten ari da. Hamargarren daude sailkapen nagusian. 

Partida interesgarria eta lehiatua izango da bihar Irunen. Santanderren jokatu zutenean 23-22ko emaitzarekin amaitu zuten. Bihar 19:00etan hasiko da Artalekun eta GolTV katean ere ikusteko aukera izango da.