'Soinujolearen semea' emango dute asteburuan Aita Marin

Baleike 2019ko api. 12a, 10:30

Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako filma gaur estreinatuko da zinema aretoetan. Zumaian ere, gaurtik astelehenera arte egongo da ikusteko aukera.

Fernando Bernuesek zuzendu du Bernado Atxagaren liburuan oinarritutako Soinujolearen semea pelikula. Hiru garai desberdinetan banatu dute adiskidetasuna, traizioa eta indarkeria nahasten dituen istorioa (haurtzaroa, 20 urteetako gaztetasuna eta, azkenik, 50 urte ingurukoa) Euskal Herriko istorioaren ikuspegi desberdinak biltzeko helburuarekin.

Sinopsia

David hilzorian dago, eta Joseba, txikitako laguna, azken agurra ematera joan zaio Kaliforniara. Biak ETAkide izandakoak dira Francoren diktaduraren azken urteetan, baina Davidek deserrirako bidea hartu behar izan zuen militantzia kideen arbuioak probokatuta. Orain, azken topaketa honetan, egiari aurre egin beharko diote aspaldiko lagun hauek.

Euskal literaturan inoiz argitaratu den eleberri garrantzitsuenetako bat da Bernardo Atxagak idatzitako ‘Soinujolearen Semea’. Euskaraz idatzitakoen artean sari gehien eskuratu dituen idatzia da, eta baita atzerriko hizkuntzetara gehien itzuli dena. Antzerkirako egin zuten moldaketak jasotako arrakastaren ostean, zinemarako egokitu du orain gidoia Patxo Telleriak. Abra Prod eta Tentazioa ekoiztetxeak daude proiektuaren atzean, eta Fernando Bernuesek gidatu du errodajea.

Euskal zinemagintzan aski ezagunak diren aktorez osatutako kastinaren babesa izango du filmak. Hala, Aitor Beltran eta Iñaki Rikarte izango dira bi protagonista nagusien azaletan jarriko diren profesionalak, baina, besteak beste, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Laia Bernués eta Eneko Sagardoy ageri dira ere zerrenda artistikoan. (zinea.eus)

Ordutegia

Ostiralean 22:15ean, larunbatean 19:30ean eta 22:15ean, eta igandean eta astelehenean, ikuslearen egunean, 19:30ean.