Leire Esnal: “Azpitxapeldun gelditzen bagara ere, gu pozik”

Baleike 2019ko api. 6a, 10:00

Euskal pilota egokituko II. Master Cup txapelketako finala jokatuko dute bihar Leire Esnal zumaiarrak eta Eneko Sagarmendi mutrikuarrak Beasaingo Antzizar kiroldegian. Aurrez aurre izango dute Iraitz Huegunek eta Sheila Cuetok osatutako bikotea. Partida ETB1en ikusteko aukera izango da 12:00etatik aurrera.

Zer moduz aurkitzen zara partida bezperan?
Ongi. Ez naiz urduri jartzen den horietakoa. Bihar frontoian agian beste kontu bat izango da, baina momentuz lasai nago.

Duela bi aste eskuratu zenuen finalerako txartela Azkoitian jokatu zen kanporaketan. Zer moduz joan zen?
Hiru bikotez osatutako bi multzotan lehiatu ginen. Multzo bakoitzeko lehen bikoteak lortzen zuen finalerako txartela. Gure kasuan bi partidak irabazi genituen. Aurkari onak izan genituen aurrean, eta beldur pixka bat ere izan genuen. Horietako batzuk ezagutzen genituen eta bagenekien nola jokatzen zuten, baina besteak ez.

Eneko Sagarmendirekin osatzen duzu bikotea. Aspaldiko ezagunak zarete.
Duela hiru urte elkarrekin irabazi genuen Gipuzkoako txapelketa eta  honetarako ere batera jarri gaituzte. Federazioak osatzen ditu bikoteak eta parekatuak izaten saiatzen dira. Lau neskak hartu dugu parte txapelketan eta bi iritsi gara finalera.

Iraitz Huegun eta Sheila Cueto izango dituzue aurkari. Kanporaketako partidak erraz irabazi zituzten, eta Huegun, gainera, iazko txapelduna da.
Hori da. Iraitzek Lorea izeneko zarauztar batekin irabazi zuen iaz. Indar asko duen mutila da, gogorra. Sheila, berriz, iaz hasi zen palan jokatzen eta Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Denbora gutxian asko hobetu du.

Partida borrokatua izango da, beraz.
Lehiatua, gogorra eta parekatua izango da, eta irabazteko gakoa atzelariek izango dutela uste dut. Bi mutilek jokatzen dute postu horretan, indar asko erabiltzen dute eta hobekien moldatzen denak asko izango du irabazteko. Sheila eta biok aurrelariak gara, eta tantoak bukatzea izango da gure lana.

Finala mistoa da, eta hori ere emakume kirolarientzat pozgarria da, ezta?
Bai. Lehen esan dudan moduan lau neskak hartu dugu parte txapelketan, eta finalera bi iristeak zerbait esanahi du. Berdintasunaren aldeko lanean positiboa da, eta antolakuntzakoak ere pozik daude. Nire partetik neska gehiago animatu nahi ditut kirola egitera.

Zer estrategia eramango duzue irabazteko?
Ez dugu ezer berezirik pentsatu. Irabaztera aterako gara, hori bai. Ahal duguna egin eta azpitxapeldun gelditzen bagara ere, gu pozik.