Uxategia eta Ubillos atzeko lokalak entseguetarako erabiltzeko deialdia zabaldu du Udalak

Baleike 2019ko api. 3a, 14:38

Udalak bost areto ditu Arritokieta azpian kokatutako Uxategia eraikinean, eta beste hiru Ubillos Musika Etxearen atzean. Entsegu lokalak erabili nahi dutenek apirilaren 10etik 26ra izango dute izena emateko aukera.

Lokalen erabilpena kudeatzeko Dardara Musika kolektiboarekin hitzarmena du Udalaren Kultura sailak, eta lokalen lagapena horretarako erabakitako araudi baten arabera egiten du kolektiboak. Bertan zehazten da urtero deialdia egin behar dela, eta deialdi horri erantzun beharko diote dagoeneko lokaletan dauden taldeek ere. Ezinbestekoa da izena ematea, eta lagapenak urte baterako balio du beti ere.

Lokalak banatzean lehentasuna herriko taldeek dute, eta erabili ahal izateko Dardara kolektiboko kide izan beharko dute taldekideek. Ondorengo kuota ordaindu beharko du taldekide bakoitzak:

Dardarako kide aktiboek:

  • Uxategian urtean 50€ ordainduko dituzte taldekide bakoitzeko.
  • Ubillosen kideko 10€ aseguru gabe eta 25€ aseguruarekin.

Dardarako kide aktiboek ekintza hauetan parte hartu behar dute:

  • Bileretara azaldu: taldekide batek gutxienez azaldu egin beharko du, bileretan zerrenda pasako da, eta abisatu gabe hiru hutsegite egiten dituena partaide ez-aktibo izatera pasako da. (Talde bateko partaide denak ez-aktiboak badira lokalekin zerikusia duten bileretara solik joan beharko dute).
  • Ekintzetan lagundu: Urtean zehar egiten diren ekitaldien %50ean zerbaitetan parte hartzen ez bada kide ez-aktibo izatera pasako da.
  • Zuzendaritzako partaide izan, hala beharko balitz.

Dardarako kide-ez aktiboak:

  • Uxotegian urtean 150€ ordainduko dituzte taldekide bakoitzeko.
  • Ubillosen kideko 30€ aseguru gabe eta 75€ aseguruakin.

*Kide aktibo bezala izen eman eta goian zehaztutako arauak hausten dituena automatikoki kide ez-aktibo izatera pasako da, eta diru diferentziak ordaindu beharko ditu: 100 euro Uxategikoek, 40 euro Ubillosekoek. Ordaintzen ez badu hurrengo eskaeratik at geratuko da.

Izen-ematea apirilaren 10etik 26era izango da eta ondoko agiriak aurkeztu beharko dira: izen-emate orria behar bezala beteta, taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien kasuan) eta Dardararen kontu korrontean kuota ordaindu izanaren agiria.

Informazio gehiagorako:
Alondegia kultur etxea: (astelehenetik ostiralera, 9:00-14:30 bitartean)
943-861056 / kultura@zumaia.eus edo dardarazmk@gmail.com