Ander Hormazuriren eta Aran Santamariaren lanak, Kabi tabernan

Baleike 2019ko mar. 26a, 18:59

Tabernaren ezaugarriak kontutan hartuta ariketa lan bat egin dute bi artistek. Erakusketa apirilaren 21era arte izango da zabalik.

Tabernak artearen gordailu ere badira sarritan. Hala erakutsi dute Aran Santamaria eta Ander Hormazuri artista zumaiarrek pasa den ostiralean Zumaiako Kabi tabernan zabaldutako erakusketarekin. Apirilaren 21era arte bisitatu ahal izango da, egunero (astelehenetan izan ezik), 13:00etatik taberna itxi arte.

Itsasoarekin lotuta, Urola Kosta Udal Elkarteak ekintza sorta bat antolatu zuen eskualdeko herrietan  2018ko urrian . Horien artean egon zen Santamariak, Hormazurik eta Amaia Zinkunegik Zumaiako Kofradian egin zuten erakusketa. “Gustura ibili ginen lanean, oso esperientzia polita izan zen, bai Kofradiakoa, eta baita Getaria eta Zarautz arteko itsas pasealekuan egindako interbentzioa ere. Haren ondoren galdetu genion elkarri ea zergatik ez genuen beste ekintzaren bat egiten”, azaldu digu Hormazurik.

Hilabetez Kabi tabernan izango den erakusketa ariketa bezala ikusten dute bi artistek. “Kepa [Aizpurua] berak eskaini zigun bere taberna erakusketa bat egiteko. Handik etorri zen elkarrekin lan egiteko ideia”, dio Santamariak. “Kabi taberna txikia da, baina, aldi berean, txokoz betetakoa. Ariketa polita da taberna bakoitzari berea ematea”, gaineratu du Hormazurik.

Azken honek egurrarekin eta burdinarekin egindako instalazioak kokatu ditu, taberna beraren zuri-beltzezko hormaren diseinua jarraituta. “Banuen proposamen hori buruan aurretik, eta taberna honetarako egokia iruditu zitzaidan. Lanak espazio jakin batera egokitzea ariketa polita da”, dio.

Santamariak, berriz, collage moduko lanak egin ditu; batzuk koadro bezala, eta beste batzuk kutxa txikietan sartuta. “Zuri-beltzezkoa izanda ere, nire lana zabalagoa geratu da. Planeten inguruko ariketa batekin hasi nintzen; collage bat egin nuen, eta gero segida eman nion”.

Kofradian eta Kabin hasitako bideak jarraipena izan dezake. Hala, Zarauzko taberna batean erakusketa bat egitea buruan duela diote biek. Horrez gain, Hormazurik erakusketa izango du ekainean Zumaiako Oxford aretoan. “Lan haiek ez dute hauekin zer ikusirik izango”.