Sahararen aldeko lankidetza hamabostaldia antolatu du Darahli elkarteak

Baleike 2019ko mar. 22a, 10:59

Zumaiako Darahli elkarteak askotariko egitaraua antolatu du datozen hamabost egunetarako; besteak beste, erakusketa, musika eta zine emanaldiak izango dira. Oporrak Bakean programaren barruan familia berriak bilatzeko azken saiakera ere egingo dute.

Sahararen aldeko lankidetza egitasmoa prestatu du Darahli elkarteak datozen hamabost egunetarako. Horrela, datorren astelehenean, hilaren 25ean, Darahli 2018, gazteen lankidetza izeneko erakusketa zabalduko dute Oxforden. Apirilaren 7a arte ikusgai egongo den erakusketa horretan, elkarteak 2018. urtean eginiko lankidetza bidaiari buruzko 18 argazki-muntaia ikusiko dira, baita  Saharako Errefuxiatu Kanpamenduetan egindako ekintzak ere.

Ikus-entzunezkoen txokoa egongo da erakusketan, eta informazio mahaia jarriko dute. Horri esker, elkartea eta dituzten proiektuak ezagutzeko aukera izango da. Bide batez, Oporrak Bakean kanpainaren berri emango dute. Proiektu horren helburua da ume sahararrak udako bi hilabetetan gure artean egotea. Hori lortzeko familia berrien bila ari dira.

Erakusketa egunero egongo da zabalik martxoaren 25etik apirilaren 7a arte 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, gainera, 12:00etatik 14:00etara ere zabalduko dute.

Askotariko egitaraua

Iaz Saharara egindako bidaiaren erakusketaz gain, beste hainbat ekintza antolatu ditu Darahli elkarteak. Hala nola, Carta a Sasha film laburraren emanaldia izango da martxoaren 29an, Oxforden. Javier Revertek eta Andoni Jaenek zuzendutako pelikula horrek 16 minutuko iraupena du. Haurrentzat zuzendutako animaziozko film bat ere emango dute apirilaren 7an, Oxforden. Sahara izeneko pelikulak 85 minutuko iraupena du eta 18:00etan hasiko da.

Haurrentzako beste ekimen bat ere izango da martxoaren 30ean. Ume jolasen tailerra antolatu du Darahlik egun horretarako. Pintura, eskulanak, puxika jolasak, hondar tailerra… dibertitzeko eta gozatzeko aukera ezin hobea izango da. Tailerra 18:00etan hasiko da eta Oxforden egingo da.

Amaitzeko, Zukan Trioren musika emanaldia egongo da apirilaren 5ean. Soinuzko begiradak lan berriaren aurkezpen kontzertua izango da, Oxforden, 19:00etan hasita.