Banatu ditugu Errigoraren bi otarrak

Baleike 2019ko mar. 20a, 19:46

Errigorak udaberriko kanpaina abian du jada. Eskutik eskura programaren baitan, Nafarroako hegoaldean ekoiztutako produktuak erosteko aukera izango da aurten ere. Errigorak, gainera, bi otar eman dizkigu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko eta dagoeneko eman dizkiegu saridunei.

Errigorak emandako bi otarrek badute jabea: Pedro Etxabe eta Alfredo Zabaleta. Lehenengoak otar beltza irabazi du, eta bigarrengoak, berriz, zuria. Ohi bezala, parte hartze handia izan du zozketak. 

Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Saria irabazi ez dutenek eskaerak egiteko aukera izango dute ostirala arte. Eskuorriak Inpernupe, Ilargi, Txikixa, Ernio eta Atari tabernetan jasotzeko aukera dago, eta internet bidez ere egin daitezke eskaerak: www.errigora.eus webgunean. 

Produktuak jasotzeko egunak Zumaian hauek  izango dira:

  • Olioa eta kamisetak: Apirilak 11 eta 12, 18:00-19:30 ordutegian. 
  • Kontserbak: Maiatzak 28 eta 29,18:00-19:30 ordutegian.

AEKren egoitzan jasoko dira produktuak.