ZOZKETA. Errigoraren bi otar zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean

Baleike 2019ko mar. 17a, 08:00

Errigorak udaberriko kanpaina abian du jada. Eskutik eskura programaren baitan, Nafarroako hegoaldean ekoiztutako produktuak erosteko aukera izango da aurten ere. Errigorak, gainera, bi otar eman dizkigu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko. 

Bi otar zozkatuko ditugu. Bakoitzean, zainzuriak, tomatea, oliba olioa edo arroz ekologikoa bezalako produktuak izango dira. Zozketan parte hartzeko formulario hau bete beharko da. Saridunen izenak asteazken goizean aterako ditugu. 

Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Kanpaina berri honetan oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatzeko aukera izango da, baina, horrez gain, aurten arroza eta kamisetak ere badaude aukeran. Beti bezala, jaki guztiak ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta eskuratu daitezke, ekologikoak zein ez-ekologikoak. Dena aldi berean eskatu beharko den arren (martxoaren 22ra arte), jaso eta ordaindu bi txandatan egingo da: apirilean olioa eta kamisetak, eta maiatzean kontserbak eta arroza.

Eskaerak egiteko aukera Zumaian

Zumaian, eskaerak egiteko eskuorriak Inpernupe, Ilargi, Txikixa, Ernio eta Atari tabernetan jasotzeko aukera dago. Internet bidez ere egin daitezke eskaerak: www.errigora.eus webgunean. Eskaera egiteko azken eguna martxoaren 22a da.

Produktuak jasotzeko egunak Zumaian hauek  izango dira:

  • Olioa eta kamisetak: Apirilak 11 eta 12, 18:00-19:30 ordutegian. 
  • Kontserbak: Maiatzak 28 eta 29,18:00-19:30 ordutegian.

AEKren egoitzan jasoko dira produktuak.