Hiromi Yoshida: Zumaiako hizkera ikertzen dabilen japoniarra

Baleike 2019ko mar. 15a, 09:50

80. hamarkadatik etortzen da Euskal Herrira Hiromi Yoshida japoniarra: Lazkaora lehendabizi, Azpeitira ondoren. Aspaldiko urteetatik, berriz, urtean bitan egiten du bisitaldia; otsailean eta irailean. Azkeneko egonaldia duela gutxi egin du, eta egun horietan Zumaiako euskalkia aztertzen hasi zen.

Otsaila amaieran egin genuen hitzordua Hiromi Yoshida japoniarrarekin. Tokiora joan bezperan izan genuen ezagutzeko aukera. Aski ezaguna da, ordea, Azpeitian eta inguruan. “Euskararen bitartez lagun asko egin ditut, horregatik esaten dut niretzat altxor bat dela euskara”, adierazi zuen.

Tokion ingeles filologia eta hizkuntzalaritza ikasten hasi zenean izan zuen euskara ezagutzeko aukera. “Ikasketekin batera, ez ohiko hizkuntza bat ikasi nahi nuen; edozein hizkuntza, berdin zitzaidan zein. Japonian badago hizkuntza bitxi bat ainoera deitzen dena, baina nire inguruan dagoeneko bazeuden ikasle batzuk hizkuntza hori ikasten, beraz, beste bat ezagutu nahi nuen. Kasualitatez, irakasle batek proposatu zuen euskara ikasteko taldetxo bat sortzea. Euskal Herritik itzulia berria zen euskara ikasita eta ez ahazteagatik klaseak eman nahi zituen. Bost lagun elkartu ginen”, gogoratu zuen.

Unibertsitateko ikasketan azken urtean hasi zen euskara ikasten Yoshida. Irakaslea oso trebea zela aipatu zuen, eta klaseak oso gustukoak zituela. “Ikaskideen artean ere ongi moldatzen ginen, eta dibertigarria zen”, esan zuen. Behin ikasketak amaituta, ingeleseko irakasle lanean hasi zen Tokioko institutu batean. “Hala ere, euskarako klaseak hartzeko elkartzen ginen noizbehinka”. Bost urte eman zituen lanean institutuan, eta euskara gehiago eta hobeto ikasteko aitzakia hartuta, Euskal Herrira etortzeko erabakia hartu zuen.

Lazkaoko barnetegian hasi zen ikasten eta denboraldiak pasatzen zituen bertan. Joan-etorriak eginez ibili zen urte batzuetan.  Euskara nahikoa ikasita, Tokion master bat egiten hasi zen hizkuntzalaritzako departamentuan. “Amaierako lanaren ikergaia euskara hartu nuen, noski. Ez baina euskara batua, euskalki bat aztertu nahi nuen”, kontatu zuen. Hala, Tokion bizi zen monja zestoar baten laguntzaz, Japoniara bizitzera joan zen azpeitiar bat ezagutu zuen. “Nire azterketa aurrera ateratzeko laguntza paregabea izan zen. Azpeitiko euskalkiari buruz egin nuen ikerketa”, jarraitu zuen. Doktoretza ere, Azpeitiko aditz laguntzailearen inguruan egin zuen. “Doktoretza garaian hasi nintzen Azpeitira etortzen. Tesia garatzeko diru-laguntzak ematen dituzte, eta horiei esker etorri nintzen lehendabiziko aldiz. Ordutik, urtero etortzen naiz, eta duela zazpi bat urtetatik bitan itzultzen naiz”, azaldu zuen.

Zumaiako euskalkia

Azpeitiar hizkera ongi ezagutzen duela esan daiteke, eta hitz egiten dakiela ere aitortu zuen “nahiz eta ez naizen ausartzen”. Euskalki horretaz haratago, beste batzuk ikertzea ere atsegin du Yoshidak. Horrela, Zestoako eta Zarauzko hizkerak aztertzen ibili da azken bizpahiru urtetan. “Duela urte batzuk Azkoitikoa ere hasi nintzen lantzen, baina oraindik asko falta zait”. Urte honetan, berriz, Zumaiakoa hasi da ikertzen. “Pixkanaka-pixkanaka Urola Kostako euskalki guztiak ari naiz ezagutzen”, adierazi zuen.

Ikerketa lanerako Zumaiako bi emakume hartu zituen laguntzailetzat: gazte bat eta nagusiagoa den beste bat. “Belaunaldi ezberdineko pertsonak hartu nahi nituen, horrela, euskalkiak izan dituen aldaketak edo ez ikusteko. Euskal Herrira etorri nintzen lehen alditik euskararen eboluzioa edo aldaketak nabaritu ditut; azkenean, belaunaldiz belaunaldi beti aldatzen da hizkuntza”, nabarmendu zuen.

Zumaiako euskalkia aztertzeko hainbat datu jaso zituen Yoshidak, baina oraindik beste asko falta zaizkiola azpimarratu zuen. “Galdera asko egiten dizkiet, esaterako nola esaten den esaldi bat zumaieraz... Irailean itzultzen naizenean jarraituko dut ikerketarekin”, esan zuen. Azpeitiarrarekin zein ezberdintasun dituen galdetzean oraindik galdera hori erantzuteko goizegi dela adierazi zuen, ordea. “Urola Kostako euskalkiek badute berezitasun bat eta da hain eremu txikian ezberdintasun handiak dituztela. Esaterako, Zarauzko eta Azpeitiko euskalkiak oso ezberdinak dira fonetika aldetik, baita gramatika aldetik ere. Aldaera horiek asko interesatzen zaizkit”, aipatu zuen.

Irailean itzuliko da berriro Yoshida Azpeitira, eta Zumaian hasitako ikerketari helduko dio. Bitartean, euskara praktikatzen jarraituko du Tokion dauden euskaldunekin. “Noizean behin elkartzen naiz beraiekin, gainera, hilean behin edo euskaldun baten bisita jasotzen dut. Asko dira turismoa egitera etortzen direnak eta kasu egitera etortzen zaizkit”, esan zuen irribarretsu.