Emakumeon* Etxearen aldeko kontzertua emango du Bandak larunbatean

Baleike 2019ko mar. 14a, 18:07

Zumaiako Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du larunbat honetan Alondegiko Oxford aretoan. Aurkeztu berri duten Emakumeon* Etxearen aldeko emanaldia izango da, eta 19:00etan hasiko da.

Bandak eman izan ditu herriko beste elkarte batzuen aldeko kontzertuak. Oraingo hau, baina, berezia izango dela iragarri du Joxe Mari Azkue Bandako zuzendariak. «Aurreko kontzertuetan elkarte horientzako dirua eskatu dugu. Larunbatean ez dugu dirurik eskatuko; beraien ekimena ezagutzera emateko aukera eskainiko diegu».

Emanaldiko programa prestatzerako orduan garbi zuen Azkuek emakumeek konposatutako obrak joko zituztela. Azkenean konpositore bakarraren lanak joko dituzte, Julie Giroux kanadiarrarenak, hain zuzen ere. «Gaur egun bandentzako musika idazten duen emakumezko konpositore garrantzitsuena da», azpimarratu du Bandako zuzendariak.

A Symphony of Fables izena jarri diote larunbateko kontzertuari, eta hori izango da Bandak eskainiko duena, elezaharren sinfonia bat. «Bost mugimenduz osatuko da kontzertua, eta bakoitzean elezahar bat kontatzen du». Lehoia eta arratoia, Hammelingo flauta jotzailea, Untxia eta dortoka, Ahatetxo itsusia eta Hiru ahuntzak. Inazio Tolosa arituko da elezahar bakoitza aurkezten, eta mugimenduetako batean Amaia Lisbona izango da solista.

Kontzertua publiko guztientzako aproposa dela dio Azkuek. “Oso musika deskriptiboa da, eta leit motivez beteta dago. Ulertzeko erraza da; zineko musikekin zer ikusi handia duen musika da hau”.