Panda batean Marokon zehar

Baleike 2019ko mar. 10a, 14:44

Azkue Inmobiliaria-Aranza taldeko Ricardo Azkue eta Jesus Mari Aranzabal Panda Raid proban ari dira parte hartzen. Jesus Marirentzat bigarren proba da; Ricardorentzat lehena. Une honetan bertan lehen etapa ariko dira egiten Fiat Panda baten gainean. Helburua Marrakech hirira arteko 3.000 kilometroak sei etapatan egitea da.

Ostiralean goizeko 6:00etan abiatu zen bikoa Zumaiatik. Madrilgo Jarama auto zirkuitura joan behar zuten. Autoaren egiaztatzea egin ondoren, zirkuituari bira bat eman zioten, eta handik Andaluziarako bidea hartu zuten. Motrilen (Granada) gaua pasa, eta larunbatean itsasontziz Marokora pasa ziren, Nador hirira, hain zuzen ere. Hiri horren hegoaldean dagoen Mohamed V. urtegitik abiatu dira gaur goizean Panda Raid proban parte hartuko duten autoak. Probak dituen sei etapetatik lehena egingo dute gaur.

Guztira 380 kotxek hartuko dute parte aurtengo proban. “Seat eta Fiat Panda, eta Seat Marbella autoek har dezakete parte hemen”, zioen Jesus Mari pasa den ostegunean. Kotxe hauek 2003an utzi zituzten egiteari. Zumaiarrek gidatuko dutena 1998. urtekoa da. Kotxea erabat prestatuta zutela zioten.

Gaurkoaz gain, beste bost etapa bete beharko dituzte, denak ere 200 eta 500 kilometro artekoak. “Azkenean 3.000 bat kilometro egiten dira Atlas mendikatearen hegoaldean zehar. Hondarretatik joango gara, baina ez dunetatik; auto hauek ez dute motorrik halako lekuetatik pasatzeko. Hondarrezko eta harrizko pistetatik zehar joango gara”, zioen Jesus Marik.

Beretzako bigarren Panda Raida da. “Iazko esperientzia onegia izan zen, horregatik errepikatu dut; txarra izan bazen ez nintzen itzuliko. Gainera, lagun pila bat egiten dituzu”. Ricardorentzako, berriz, lehen proba da. “Ni pixka bat errebotez sartu naiz. Autoaren jabeak joan behar zuen, hasiera batean, Jesus Marirekin batera, baina, azkenean ezin izan du. Behin komentario bat egin nuen esanaz leku bat libre geratzen bazen abisatzeko, eta hala noa”, zioen Ricardok. Ondo pasatzera doala gaineratu zuen. “Ideia proba amaitzea da, lasai ibiltzea eta esperientzia polita izatea. Atlaseko hegoaldetik goaz, eta beste leku bat ezagutzeko aukera ematen du. Lekuak ezagutzera noa, edo, behintzat, leihotik pasadan ikustera”.

Sailkapen orokorrerako borrokan ez direla sartuko diote. “Ez, ez. Gure helburua parte hartzea da. Postu on batean bukatzen badugu, ondo. Baina, norbaiti laguntzeko geratu behar bagara, gelditu egingo gara”, azaldu zigun Jesus Marik.

Panda Raid hauek badute alde solidario bat. “Jendeak ahal duena ematen du”. Hala, zumaiarrek eskola materiala eramango dute Marokora. Hori dela eta, A3 dendari eskerrak ematen dizkiote lerro hauen bidez material hori emateagatik. Eta baita Zezen motors enpresari burdinazko piezak egiteagatik.

Proba ostiralean amaituko da, eta larunbatean ekingo diote bueltako bideari. “Marrakechetik Zumaiara 1.600 kilometro izango ditugu aurretik”. Lasai itzuliko direla zioten.