Zumaiako hiru traineru izango dira Oriaren XXV. Traineru Jaitsieran

Baleike 2019ko mar. 7a, 21:15

Larunbat arratsaldean Orioko ibaian jokatuko den traineru jaitsieran emakumezkoen, gizonezkoen eta beteranoen taldeak izango dira lehian.

Oriaren XXV. Traineru Jaitsiera jokatuko da larunbat arratsaldean Orion, 16:30ean hasita. Arraunzaleek kirolaz gozatzeko aukera itzela izango dute, izan ere, dozenaka traineru egongo dira bertan: kataluniarrak, galiziarrak, baita Herbereetatik etorritako talde bat ere.

Zumaiatik hiru traineru joango dira. Jaitsieratan ohikoa den bezala, minutuz minutu irtengo dira tripulazio guztiak. Lehenak ateratzen kataluniar ligako traineruak izango dira, eta jarraian jubenil mailakoak irtengo dira. Ondoren, beteranoak izango dira. Maila horretan 18 talde daude izena emanda eta zumaiarrak 14. postuan aterako dira, 16:56ean. Ondoren, emakumezkoen txanda izango da. Kasu horretan, 19 talde egongo dira irteera puntuan. Zumairrak laugarrenak izango dira eta 17:03an izango dute irteera ordua. Amaitzeko, gizonezkoak etorriko dira. Guztira, 31 talde izango dira, eta Telmo Deun 17. postuan aterako da, 17:46an.