“Liburu honekin erreparazio lan bat egin da”

Baleike 2019ko mar. 2a, 11:22

Zumaia 1936-1945: Giza eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta lehen Frankismoan liburua aurkeztu zuten atzo. Liburu hau apirilean izango da eskuragai, eta ekimena Paco Etxeberriaren hitzaldi batekin osatuko da.

Bi liburukitan banatutako argitalpen honek Aranzadi zientzia elkarteak azken hiru urtetan egindako ikerketa jasotzen du; Zumaian Bigarren Errepublikatik lehen frankismora bitartean egindako ikerketa, hain zuzen ere. Horren berri eman zuten atzo Aranzadiko kide Juantxo Agirrek eta ikerketaz arduratu den Eneko Sanzek udaletxean egindako agerraldian.

Hamar urte horietan Zumaian gertatutako giza eskubideen urraketak jasotzeko lan horretan hainbat artxibategi miatu dituztela azaldu zuen Agirrek. Horien artean Ferroleko artxibo militarra, Valladolidekoa, Salamancakoa, Madrilgoa, Euskadikoa, etab. Joseba Esnal zumaiarrak egindako lanaz ere baliatu dira ikerketa hau osatzeko. Testigantzak ere jaso dituzte. “Garai hartako gertaerak bizi izan zituen jende gehiena hilda dago, baina haien oinordekoak geratzen dira. Hiru urte hauetan ahalik eta testigantza eta informazio gehien jasotzen saiatu gara. Guztia agian ez, baina gertatutakoaren % 80 jaso dugu liburu hauetan”, adierazi zuen Agirrek.

Testigantzak jasotzerako orduan une hunkigarriak bizi izan zituztela azaldu zuen Sanzek. “Hasieran beldurra sumatzen nien. 2015. eta 2016. urteetan egin genituen elkarrizketak, eta oraindik barrenean zeramaten beldur hori. Gero, askatu zirenean, eskerrak ere ematen zizkiguten”. Testigantza hauek liburuan erabilitako hizkeran sartu dituztela gaineratu zuten.

Lehen liburukian Bigarren Errepublika, Gerra Zibila eta gerraostearen berri ematen da, beti ere giza eskubideen urraketan zentratuta. Bigarren liburukian 835 pertsonen zerrenda jasotzen da, “bakoitza bere erreferentzia dokumentalarekin”. Ekitaldian azaldu zuten bezala, Zumaiak garai hartan 3.434 bizilagun zituen, eta herritarren laurdenak jasan zuen giza eskubideen urraketa edota errepresioa.

Fusilamenduak, desagertuak

Ikerketan zehar bildutako datuen berri eman zuen ikertzaileak. Hala, denbora epe honetan 19 fusilamendu izan zirela adierazi zuen. Desagertuak 13 izan ziren, eta ihes egindakoak 272. 1937ko otsailaren 13an eta 14an kanporatuak izan ziren beste 261 zumaiar.

136 herritar epaitu zituzten gerra kontseiluetan edo ardura politikoen legea aplikatuta. Espetxeratuak 130 izan ziren, eta atxilotuen gune eta kontzentrazio guneetan izandakoak 30. 82 zumaiarrek errepresio ekonomikoa edo isunak jasan zituzten. Garbiketa jasandakoak, berriz, 43 izan ziren.

Lan hau herriaren aurrean aurkeztu behar dela azpimarratu zuen Agirrek. “Liburua eginda dago, eta orain egia hau herriaren esku utziko dugu. Honi esker, Zumaia beste herri batzuen mailan dago”. Liburua apirilean aurkeztuko dute, oraindik zehaztu gabeko datan.  

Material hau guztia Gogora institutuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren artxiboan, eta Zumaiako Udalaren artxiboan utziko dutela ere nabarmendu zuten. “Herritarren batek informazio gehiago nahi badu, edo gerra kontseiluko agiria lortu nahi badu, Udalera jo dezake. Gogora institutuaren bidez, txosten bat egingo genuke. Familientzat katarsia izango da. Hau ez da liburu bat argitaratzea bakarrik, erreparazioa egitea”, amaitu zuen Juantxo Agirrek.