Arritxu Marañon da PSE-EEren alkategaia

Baleike 2019ko mar. 1a, 13:19

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako PSE-EEren alkategaia izango da Arritxu Marañon. Bukatzear dagoen legealdi honetan alderdi sozialistaren zinegotzi bakarra izan da udalean. Jarraitzeko ilusioa duela azpimarratu du hautagaitzaren aurkezpenean.

Zumaiako alderdi sozialistaren taldeak berretsi du Marañonen hautagaitza legealdi berrirako. “Ilusioarekin eta indarrarekin” jarraitzeko asmoa duela adierazi du Marañonek. Zumaiako Herriko Etxean egin dute gaur goizean Arritxu Marañonen hautagaitzaren aurkezpena. Bertan izan da Eneko Andueza, Gipuzkoako PSE-EEko Idazkari Nagusia.

“Herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa dugu. Azken lau urteak oso aberasgarriak izan dira niretzako, eta pozik amaituko dut legealdia. Udaleko kudeaketa ona eta egonkorra izan dadin lagundu dugu”, aipatu du. Bide beretik, Zumaiaren egoera eta herritarren bizimodua hobetzeko proposamenak egin dituztela nabarmendu du. San Jose auzoan egiten ari diren igogailua hartu du adibidetzat. “Proiektu garrantzitsua da bertako auzotarrentzako, eta baita egoitzara joaten direnentzako ere. Irisgarritasun zaila duen auzoa da, eta pozik nago lan hori gauzatzeko bultzada eman dugulako”, gaineratu du.

Hauteskunde programa prestatzen ari dira momentu honetan, “Zumaiarentzat eta herritarrentzat berebizikoak diren edukiekin”, eta proposamenak entzuten jarraitzeko prest dagoela azpimarratu du. “Gure asmoa herriko bizitza kalitatea hobetzea da, eta herritarren arazoei erantzun bat ematea”, amaitu du.

Eneko Andueza bat etorri da Marañonen hitzekin, eta zinegotziak azken lau urteotan egin duen lana goraipatu du. “Arritxuren lana oso ona izan da, eta Zumaiako talde sozialistaren babesarekin, legealdiaren balorazio positiboa egiten dugu. Kolektibo ezberdinak egokien ordezkatuko dituen talde politikoa gara, eta, horregatik, iruditzen zaigu Zumaiak merezi dituela PSE-EEren ordezkariak udalean”.