"Ahal dugun guztia ematen diegu, baina asko jasotzen dugu bueltan"

Baleike 2019ko mar. 1a, 11:00

Argazkia: Maria Maya Manterola.

Oporrak bakean programaren bigarren fasea hasiko du Zumaiako Darahli elkarteak. Amagoia Korta zumaiarrak neska saharar bat izan zuen etxean udako oporrak pasatzen; aurten errepikatu egingo du esperientzia.

Urtero bezala, Darahli elkarteak Oporrak bakean kanpaina jarri du abian. Tindufeko kanpalekuetan dauden haurrak udako hilabete beroenetan Euskal Herrira ekartzea du programa honek helburua. Azken urteotan, Urduñako Bakelekuan (Bizkaia) igaro dituzte oporrak Saharatik etorritako haur gehienek. Batek edo bestek familien artean egoteko zortea izan du, eta horretan dabil Darahli: haurrak beraien etxeetan hartuko dituzten familien bila.

Amagoia Korta zumaiarrak bi urtez jarraian —2016an eta 2017an—, Leila izeneko neska koskor bat hartu zuen oporrak beraien etxean pasatzeko. Kortak betidanik izan zuen Saharako haur bat berean hartzeko gogoa, baina urte horretara arte ezin izan zuen gogoa asebete. "Etxetik kanpo egiten dut lan, eta hiru ume ere baditut. Gure erritmoa hain da azkarra, pentsatzen nuen ea nola hartuko nuen haur bat etxean. Alaba Saharara joan zen, eta berak animatu ninduen". Hark Tindufen bizitako esperientziak eman zion bultzada. "Sahararrek, hain gutxi izanda, beren haimatan 9 edo 10 pertsona hartzen dituzte. Nik nola ez dut bada haur bat hartuko?".

Leila txikiak Zumaian zoragarri pasatu zuela du gogoan. "Asko gustatu zitzaion. Lehen urte hartan hondartzara joaten ginen egunero. Bigarrengoan konfiantza gehiago hartu zuen eta errioan bainatzen zen". Haurra etxean zutela, erritmoak oso bestelakoak zirela dio. "Kalean denbora gehiago pasatzen duzu. Denok geunden umea ekartzearekin ados, eta arau batzuk jarri nituen etxean: hemen pasako zuen denboran denok batera afalduko genuen. Hala egon ginen konfiantza hartu zuen arte".

Iaz ez zuen programan parte hartu, baina aurten berriro animatu da. "Guk ahal dugun guztia ematen diegu, baina asko jasotzen dugu bueltan", dio Kortak. Ezingo du Leila berriro hartu; haurrak 12 urte bete ditu, eta adin horretatik beherakoek bakarrik har dezakete parte opor hauetan. Leilarekin harremana mantentzen dutela azpimarratu du Kortak. "Bera ez ahazteko eskatu zidan".

Bigarren fasea

Familiak aurkitzeko kanpaina otsailean hasi zuen Darahlik. "Kanpaina hasi genuenetik hiru bat familiak interesa azaldu du. Informazioa eman diegu, baina gero erabakia hartu behar da. Zumaian hiru bat familia izango direnaren itxaropena dut", azaldu du Samuel Ruiz Darahliko koordinatzaileak. Programaren bigarren fasea datorren astean hasiko dute, familia gehiago erakartzeko helburuarekin. Hilaren amaierarako dokumentazioa bideratuta izan beharko dute.