San Juan Egoitza eraberritzeko 3,5 milioi euro erabiliko ditu Aldundiak

Baleike 2019ko ots. 28a, 16:51

Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,75 milioi euro inbertituko ditu San Juan Egoitza eraberritzeko lanetan. Horrekin batera, adinekoen egoitzaren alboan dagoen etxea eraitsiko dute, eta horren ordez beste bat egin. Gune berri horretan beste sei plaza sortuko dituzte. 

Hala iragarri du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gaur Zumaiara egindako bisitan. Lan hauekin, egoitza indarrean dagoen araudira egokituko dutela iragarri du. Horrez gain, zentroko planta bakoitzean espazio eta gune berriak sortuko dituzte "erabiltzaileen bizi kalitatea bermatzeko", zerbitzuak eta unitateak modulatuta.

Egoitzaren ondoan egon, eta, gaur egun, hutsik dagoen etxea eraitsi egingo dutela iragarri dute. Haren gainean beste eraikin bat egiteko asmoa erakutsi dute. Gaur egungoa goitzaren alboan badago ere, bien arteko desnibela dago, eta Peñaren esanetan, egoitza batean ezin da halakorik izan. Eraikin berrian beste sei plaza egokituko dituzte. Bi eraikin izango baditu ere, sarrera bakarra izango du.

Obren lizitazioa eta exekuzioa 2019. eta 2020. urteen artean egitea aurreikusten dute. Lanak datorren urteko lehen seihilekoan amaituta egotea espero dute.

San Juan Egoitza Aldundiaren Kabia organismoa autonomoaren parte da. Aurretik, baina, Udalarena izan zen. Gaur egun 52 plaza baimenduta ditu mendekotasuna duten adineko pertsonei arreta emateko. Goizean egindako agerraldean adierazi dutenez, Egoitza ez dago indarrean dagoen egoitzetako araudiari egokituta. 

Peñak adierazi du, baita ere, Aldundiak 182.000 euroko diru-laguntza emango diola Udalari Eusebio Gurrutxaga plaza eta Egoitza lotuko dituen igogailuaren lanetarako. "Irisgarritasuna hobetzen duelako, eta, bestalde, egoitza komunitateko parte izatea nahi dugulako".