‘Koleoptero’ erakusketa zabalduko du gaur Irrimarrak, Oxforden

Baleike 2019ko ots. 28a, 11:17

Karmele Gorroñok eta Irene Irureta zumaiarrak osatzen duten Irrimarrak Koleoptero izeneko erakusketa zabalduko du gaur Alondegiko Oxford aretoan.

Irrimarra bikote sortzailea Karmele Gorroño eta Irene Iruretak osatzen dute. Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Arte Ederrak ikasten, eta geroztik, elkarlanean aritu dira 2016an Irrimarra sortu zuten arte. Gaur arratsaldean Koleoptero erakusketa zabalduko dute Oxforden. Martxoaren 19a arte egongo da ikusgai.

Gorroñok eta Iruretak azaldu dutenez, esku artean duten proiektu pertsonal baten errepresentazioek osatzen dute erakusketa. Emakumeen irudietan murgildu dira, erretratuetan batik bat. Anonimoak dira beren lanetako pertsonaia horiek, eta haunsarketa momentu bat irudikatu nahi izan dute horien bitartez.

Metro koadro bateko dozena bat lanek osatzen dute bilduma, formatu ezberdinetako koadro batzuez gain. Ideia eta lehen zirriborroak iaztik zituzten landuak; hala ere, azken bi hilabeteotan egindakoak dira erakutsiko dituzten koadroak. 

Zumaiako erakusketa beste erakustoki batzuetara iristeko erronka du bikoteak. Beste hainbat proiektutan ere ari dira lanean Gorroño eta Irureta, esaterako, Altzoko Handiaren hirugarren ipuin bildumako ilustrazioak sortzen. Bestetik, enkarguzko lanak, haurrentzako ilustrazio pertsonalizatuak eta horma irudiak ere egiten dituzte.

Erakusketa egunero izango da zabalik, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat, igande eta jai egunetan, berriz, 12:30etik 14:00etara.