Sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu igo dela azpimarratu du Udal Elkarteak

Baleike 2019ko ots. 28a, 08:59

Hondakinak biltzeko sistema berria 2018ko hasieran ezarri zuten Urola Kosta eskualdeko bost udalerrietan. Urtebete igarota, balantzea positiboa dela adierazi dute Urola Kostako Udal Elkartetik.

Eskuetan dituzten datuen arabera, 2017koekin alderatutaz, sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu igo dela dio Udal Elkarteak. “2017ko urte osoko sailkatze indizea %46,68 da eta 2018ko martxotik abendura bitartekoa %70,10 (urte osokoa indizea baxuagoa da – %67,64–, sistema berria ezarri aurreko urtarrileko eta otsaileko datuen eraginez). Zerbitzu berria ezarriz geroztik, sailkatze indizea %70aren inguruan egonkortu da”, adierazi dute.

Arloz arlo ondo sailkatuta bildutako hondakinen kopuruak izandako bilakaera positiboa txalotu dute. “Kaleko edukiontzietan, martxotik abendura bitartean, ondo sailkatuta bildu da hondakinen %67,76. Establezimenduei bideratutako puntuz puntuko bilketa zerbitzuak ere emaitza ona eman du; hain zuzen ere, %74,43-ko sailkatze indizea. Industrialdeetako enpresen bilketan ondo sailkatuta bildu da hondakinen %66,84 eta garbiguneetan, berriz, %78,60. Azpimarragarria da azken urteetan garbigune zerbitzuak izan duen bilakaera: 2016tik 2017ra %9,82 igo zen jasotako hondakinen kopurua; 2017tik 2018ra %11,55 igo da. Azkenik, Urtetako sailkapen plantan, ondo sailkatuta bildu da hondakinen %75,14”.

Hondakin organikoaren kalitatea izan da buruhauste handienetakoa, askotan plastikozko poltsetan botatzen zirelako hondakin hauek edukiontzietara. Horren harira, 2018. urte amaieran egindako ikuskatze kanpainaren ondorioz, hondakin mota honen kalitatea hobetu dela azpimarratu dute. “Dena dela, oraindik eta kalitate hobeagoa lortzen jarraitu behar dugu”.

2018an zehar bilketa zerbitzuetan antzemandako hutsuneetan oinarrituta, hainbat neurri eta egitasmo jarriko dituzte martxan 2019ko lehen seihilekoan. Besteak beste, bilketa maiztasunak egokitzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute, eta bilketa zerbitzuetako ibilgailuetan moldaketak egitea. Bilketa guneen eta edukiontzien garbiketa lanak ere berrantolatu egingo dituzte. Eta hainbat guneetako zabor poltsan presentzia gutxitzeko helburuz, Udalekin elkarlanean, identifikazio lanekin jarraitu eta ohartarazpenak bideratuko dira.