GUTUNA. Oikiako saneamendua, hamar urte geroago, berriz ere mahai gainean

Eguzki 2019ko ots. 27a, 17:00

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Oikiako saneamendua hozkailutik atera dute, eta, orain dela gutxi ezagutzera eman duten Akordio Marko berri baten zirriborroaren arabera, 2021rako eginda edo martxan, behintzat, egongo da.

Hozkailutik atera dutela esan dugu 2007an beste Akordio Marko bat sinatu zutelako, eta, haren arabera, Oikiako saneamendu-lanak 2011rako bukatuta egon behar zirelako.

Baina azken hamar urteotan ez da ezer ere egin, Jaurlaritzak ez duelako bete lanok % 100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Zoritxarrez, horixe bera gertatu da Gipuzkoan beste hainbat saneamendu-proiekturekin (1).

Akordio Marko berriaren arabera, berriz, Jaurlaritzak dagoeneko ez du aurrekontuaren (3,4 milioi euroren) % 100 bere gain hartuko, % 34 baizik. Hamar urte alferrik pasatzen utzi ondoren, merkatze hori zuzena ote den duda egin daiteke, baina, tira, Eguzkikooi, behintzat, bost axola digu zein erakundek ordaintzen duen (azken batean, guztiek erabiltzen dute diru publikoa). Guretzat garrantzitsuena da neurriak har ditzatela Oikiako ur zikinak Urolara inolako tratamendurik gabe joan daitezen behin betiko eragozteko.

2021eko epe berria beteko ote den? Aurrekariak ikusita, eszeptikoak izateko arrazoi guztiak ditugu. Dena dela, egia da ere 2016ko Plan Hidrologikoak Oikiako saneamendu-lanak 2027ra arte atzeratu zituela, hau da, praktikan, agendatik at utzi zituela. Akordio Marko berriaren bidez, berriz, berriro agendan jarri dituzte, eta, horregatik besterik ez bada ere, albiste ona kontsideratu beharko dugu.

EGUZKI, 2019ko otsaila

(1) http://eguzki.org/2019/02/19/gipuzkoa-saneatzeko-akordio-marko-berrian-aipatutako-proiektu-gehienak-2011n-bukatuta-egon-behar-zirela-agerian-utzi-du-eguzkik/