Egoitzetako borrokak ez du etenik

Baleike 2019ko ots. 27a, 08:13

Argazkian San Juan egoitzako langileak Maider Bollain, Sonia Cardenal eta Matilde Juez.

Otsailaren 20tik martxoaren 10a arte ELAk deituta greban daude Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako hainbat langile. Lan baldintza duinen alde borrokan ari dira, eta Patronalekin aurreakordio bat adostuta dute. Aldundiaren baiezkoa falta zaie lan hitzarmena aurrera ateratzeko.

2018an, ELAk deituta, 16 egunez egin zuten greba Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako hainbat langilek. Orain, 19 eguneko greban murgilduta daude. “Kale edo bale egiteko ordua iritsi dela uste dugu. Gure borroka benetakoa dela esan nahi diegu Patronalei eta Aldundiari”, kontatu du Sonia Cardenal Zumaiako San Juan egoitzako langile eta ELAko kideak.

Hirugarren adineko egoitzetan eta eguneko zentroetan 5.000 langile inguru daude Gipuzkoan, eta horietatik gehienak emakumezkoak dira. “Prekarietatea, kontziliazio zailtasuna, lanaldi erdien nagusitasuna, langile kopuru edo ratio baxua... daude gure sektorean eta horrek asko baldintzatzen du zerbitzuaren kalitatea. Ez dugu esanahi erabiltzaileak gaizki zainduta daudenik, baina zerbitzua hobea izan daiteke”, esan du Cardenalek.

Grebaren helburua da sektoreko eta enpresako lan hitzarmenak onartzea. Lehenengoa Gipuzkoako erresidentzia guztietan aplikatzen da, “beraz guztiontzako da mesedegarria”, aipatu du. Bigarrengoa, berriz, erresidentzia bakoitza kudeatzen duen enpresarekin adosten dena da. “Kontua da 2009-2012koa den konbenio sektorial batekin jarraitzen dugula. Gutxieneko batekin atera zen aurrera, eta ordutik, enpresaz enpresa ari gara hitzarmenak sinatzen. Gure kasuan, 2015-2016koa denarekin gaude, eta 2017-2018koa egiteko negoziazio mahaia zabaldu zenean ez genuen inongo igoerarik izan. Patronalak 2019ko konbenioa egiten hasi nahi du negoziaketa, aurrekoak izoztuz eta hori da ELAk ez duena onartzen. Azken finean, enpresetako lan hitzarmena berretsiko duen konbenio sektoriala nahi dugu”, nabarmendu du.

Erakundeen jarrera

Iazko Gabonetako grebaren harira, bi Patronalak (Adegi eta Matia) ELArekin jarri ziren harremanetan eta bilera batzuk egin zituzten. “Bilera horietan adostasun batera iritsi ginen eta aurreakordio bat ere prestatu genuen. Egia esan emaitzarekin pozik gelditu ginen, izan ere, guk eskatutako eduki eta eskaerei  kasu egiten zitzaien. Horrela, aurreakordio horrekin Aldundira joan ginen eta ezezkoa jaso genuen. Beraien iritziz, oso garestia zen. Zailena eginda zegoela iruditu zitzaigun, hau da, Patronalekin akordio batera iristea, eta Diputazioaren aldetik ezezkoa jasotzea pena izan zen”, adierazi du. “Beranduago proposamen bat aurkeztu zuten negoziazio mahaira, baina barregarria iruditu zitzaigun”, jarraitu du.

Mobilizazioak jarraitu

Grebaren lehenengo egunean Donostian egin zituzten mobilizazioak, eta astelehenean ere han izan ziren. “Ostiralean berriro joango gara Donostiara eta Bizkaiko erresidentzietako langileak ere etorriko dira”, esan du. Bitartean, eskualdeka ari dira ekintzak antolatzen. “Urola Kostan kotxe karabana egin genuen aurreko ostegunean, eta bihar eta martxoaren 7an ere egingo dugu. Azpeitian izan ginen kontzentrazio bat egiten aurreko ostiralean eta larunbatean Zumaian egingo dugu Magnolio aurrean, 12:00etan. Zarautzen, berriz, martxoaren 9an egingo dugu merkadiloan, 16:30ean”, jarraitu du.

Grebak irauten duen egunetan gutxieneko zerbitzua bermatuta dago egoitzetan. Eusko Jaurlaritzak ezartzen ditu zerbitzu horiek nola bete behar diren. Iraileko lehen greba egunean, adibidez, erabiltzaileen zuzeneko zerbitzuetan langileen % 60 egon behar zen, eguneko beste orduetan % 50. “Grebaren hurrengo deialdian gutxieneko horien portzentajea handitu egin zuten %70 eta 80ra, eta horrela jarraitzen dugu. Horrekin lortzen dutena da greba ez ikusaraztea, izan ere, ia langileria guztiak joan behar du lanera”, esan du.

Erresidentzietako erabiltzaileen senideei barkamena ere eskatu nahi izan die Cardenalek. “Badakigu grebek ezinegona sortzen dietela familiei, baina egun horietan beraiek dute lehentasuna eta zuzeneko arreta dute guztiek. Gainera, gure lan baldintzen hobekuntza eskatzearekin batera, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere eskatzen ari gara. Beraiengatik ere borrokatzen gaude”, nabarmendu du.

Martxoaren 10ean amaituko dute greba, baina Cardenalek gauza bat argi du eta da borrokarekin jarraitzeko asmoa dutela. “Patronalen eta Aldundiaren aldetik erantzunen bat jasotzea espero dugu. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina ez badugu ezer mobilizazioek jarraituko dute”, amaitu du.

LABek bi eguneko greba egin du

LAB sindikatuak ere bi eguneko greba deialdia egin zuen aste honetan. Astelehenean eta asteartean egin zituzten greba egunak eta Urola Kostan ordezkaritza duten egoitzetan jarraipen ona izan zuela adierazi dute. Zumaiako kasuan, Otezuri egoitzan grebarekin bat egin zuten eta LABeko afiliazioa atera zen.