Kalea Guztiona Daren helburuei atxikimendua eman diete herriko lau sindikatuk

Baleike 2019ko ots. 26a, 14:29

Kalea Guztiona Da mugimenduak aurkeztutako proposamena eztabaidatu zuten otsaileko udal plenoan. Proposamenak aldeko 6 boto jaso zituen, beste 6 aurka, eta zinegotzi bat abstenitu egin zen. Azkenean, alkatearen kalitatezko botoarekein bota zen atzera. 

Horren aurrean, Zumaiako lau sindikatuk (EALA, LAB, CCOO eta ESK) idatzi bat sinatu dute. Honen bidez, bere atxikimendua ematen diete Kalea Guztiona Da mugimenduaren helburuei.

Idatzi honen bidez, aipatu sindikatuek diote duela hiru urte, 2016ko otsailean piztu zen auziari irtenbidea emateko aukera galdu dela. "Sindikatuok berresten dugu orduan esan genuena eta herriko beste 30 inguru eragilerekin sinatu genuena: adierazpen askatasuna gauzatzea modu zabalean eta zentsura kutsurik gabe".

Beraien esanetan, Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantzaren zirriborroan "adierazpen askatasunaren ikuspuntutik elementu arriskutsuak atzeman zituzten". Hala, diote kartel edo pankarta horietan agertuko ziren mezuek "Udalaren aldez aurretiko baimena" behar zutela. "Sindikatuok, gure adierazpen askatasunaren baitan,  tresna ezberdinak erabiltzen ditugu, hauen artean kartelen, pankarten eta abarren bidez erreibindikazioak plazaratzea. Edukiak, langileek erabakitzen ditugu eta egokien den moduan jendaurrean adierazi". "Guretzat", jarraitzen du oharrak, "Udalaren jarrera hori esku sartzea litzateke askatasun sindikalean". 

Neurriak hartzerako orduan, Udalari bi faktore kontutan hartzea eskatzen diote. "Bata, Adierazpen Askatasunaren definizioak ahal den adostasun zabalena izatea. Eta bestea, herriko garbitasunaz zer ulerten den adostea, txukuntasunaren eta pentsamendu askearen arteko talka ekiditeko".