Aimad Bouzianek eta Oihana Kortazarrek irabazi dute Zumaiako XXXV. herri lasterketa

Baleike 2019ko ots. 23a, 21:22

Zumaiako XXXV. herri lasterketa jokatu dute gaur arratsaldean. Azken urteotan egin bezala, bi distantziatan korritu da proba, eta ia 300 korrikalari gerturatu dira irteera puntura.

Eguraldia lagun izan dute Zumaiako herri lasterketan parte hartu duten korrikalariek: eguraldi eguzkitsua, baina ez beroegi. Herritarrak bakarrik ez, beste herrietatik edota autonomia erkidegotatik inguratutako atletak ere izan dira gaurkoan Zumaian lasterketa honetan parte hartzen. 

Arratsaldeko 5ak pasata zeudela abiatu dira korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik. Batzuk 5,6 kilometroko lasterketa laburra aukeratu dute; besteek 10,2 kilometroko karrera luzeak. Denek ere herrian zehar prestatutako zirkuitua bete dute. 

Lasterketa luzeko irabazlea Aimad Bouziane santurtziarra izan da, 0:31:53 denborarekin. Bigarren Gustavo Sanchez gasteiztarra sailkatu da bost segundo eskasera (0:31:58), eta hirugarren Zumaian irabaztea zer den badakien Kamel Ziani beterano oriotarra (0:32:13).

Emakumezkoetan Oihana Kortazar mutrikuarrak irabazi du lasterketa 0:36:39 denborarekin. Bigarren Aratz Rodriguez izan da (0:37:10), eta hirugarren Marisol Ramos oñatiarra (0:40:19).

Zumaiarrei dagokionez, gizonezkoetan Jonan Rodriguez izan da lehena, 0:35:52 denborarekin; 18. izan da sailkapen orokorrean. Bigarren Jokin Gijarro izan da (0:36:39), eta Alberto Gorritiberea hirugarren (0:37:12).

Emakumezkoetan, Helene Alberdi izan da lehen zumaiarra 0:42:23 denborarekin. Bigarren Eneritz Zubizarreta izan da (0:45:47), eta hirugarren Inmaculada Duran (0:46:39).

Hona hemen 10,2 kilometroko lasterketako sailkapena. 

Lasterketa laburra

5,6 kilometroko lasterketari dagokionez, Enaitz Lopez gasteiztarra izan da irabazlea 0:17:43 denborarekin. Bigarren Amets Aranberri zestoarra izan da (0:17:45), eta hirugarren Amine Haissouf Zaldibarkoa (0:17:54).

Zumaiar onena gizonezkoetan Oscar Solas izan da 0:19:14 denborarekin. Jorge Sainz-Maza izan da bigarren zumaiar onena (0:19:28), eta Karlos del Pilar hirugarrena (0:24:02).

Emakumezkoetan, azkarrena Sara Mancisidor zumaiarra izan da 0:23:35 denborarekin. Bigarren Leire Lizarralde villabonatarra sailkatu da (0:24:15), eta hirugarren Iratze Iruretagoiena zumaiarra (0:24:18). Hirugarren zumaiarra lasterketa honetan Ana Igual izan da (0:24:19).

Hemen 5,6 kilometroko lasterketako sailkapena.