Zumaiako egoitzek bat egin dute ELAk deitutako 19 egunetako grebarekin

Baleike 2019ko ots. 20a, 18:26
Argazkia: ELA sindikatua.

ELA sindikatuak Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan deitutako 19 greba egunetako lehenengoa izan da gaurkoa. Donostian egin dituzte mobilizazioak, eta sindikatutik jakinarazi dutenez, Zumaiako egoitzetako langile gehienek bat egin dute aldarrikapenekin.

Iaztik datorren borrokarekin jarraitzen dute Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek. Gauzak horrela, eta konponbiderik aurkitu ezean, ELA sindikatuak 19 eguneko grebara deitu ditu langileak. Gaur egin dute deialdi horretako lehen greba eguna Donostian, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Sindikatuak nabarmendu du badagoela aurreakordio bat patronalarekin, eta Aldundiaren eskuhartzea eskatu du akordioa gauzatzeko.

ELAtik jakinarazi dutenez, grebak erantzun handia izan du Gipuzkoan, eta Zumaiako kasuan, bi egoitzetan (Otezuri eta San Juan) jarraipen handia izan du. “Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuen kopuru altua du esleituta eta horrek arazoak ekartzen dizkigu greba egiterako garaian, baina hala ere bi egoitzetan mantendu dira gutxieneko zerbitzuak”, kontatu du Iratxe Benito sindikatuko kideak.

Langileen borroka honek bi foku garrantzitsu ditu: beraien lan baldintzak hobetzea, baita egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen kalitatea ere. Bide beretik, erabiltzaileen familiei lasaitasuna transmititu nahi die. “Langileak kontziente dira gutxieneko zerbitzuak daudenean zeintzuk diren lehentasunak, eta horiek beti erabiltzaileen beharrak dira”, nabarmendu du.

Martxoaren 2an, kontzentrazioa

Donostian hasi dute 19 greba egunetako lehenengoa eta mobilizazio gehiago izango dira Gipuzkoako hiriburuan hilaren 25ean, martxoaren 1ean eta 10ean. Horiez gain, eskualde bakoitzean ekintza ezberdinak antolatuko dituzte. Zumaian esaterako, martxoaren 2an, larunbatean, kontzentrazioa egingo dute Magnolioan, 12:00etan.