Lilatoian parte hartzeko deia egin du Emakumeen Etxeko elkarteak

Baleike 2019ko ots. 20a, 11:09

Lilatoiaren aurreko bi ostiraletan entrenamendu saioak antolatu dituzte Emakumeen Etxeko elkarteko kidek. Autobusa ere jarriko dute, Zumaiako emakume guztiek joan-etorria elkarrekin egin dezaten. 

Emakumeen Etxeko elkarteak Lilatoian parte hartzeko gonbidapena egin die herritarrei. Emakumeak kirolean parte hartzeaz gain, kirolean gertatzen diren desberdintasunak salatzen ditu urtero emakumeei zuzendutako lasterketak. Zumaiako Emakumeen Etxeko elkarteko kideek ere bat egin dute helburu horiekin, eta, azaldu dutenez, eraikitzen ari diren bideari hasiera osasuntsua emateko ekintza ezinhobea iruditu zaie. 

Horregatik, Lilatoiaren aurreko bi ostiraletan entrenamendu saioak antolatu dituzte. Gernikako parkean elkartuko dira arratsaldeko 19:30ean, otsailaren 22an eta martxoaren 1ean. Doako autobusa ere jarriko dute, Zumaiako emakumeek joan-etorria elkarrekin egin dezaten. 9:00etan irtengo da autobus geltokitik, eta 14:15ean itzuliko da Donostiako autobus geltokitik. Izena emateko zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera idatzi behar da, martxoaren 6a baino lehen.