Ianire Flores: “Beste enpresak ere euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egitera animatu nahi ditugu”

Baleike 2019ko ots. 20a, 08:00

Ianire Floresek Zumaiako GKN lantegiko giza baliabideen departamentuan egiten du lan, eta duela urte batzuetatik bertako Euskara Batzordeko kidea ere bada. Asier Arakistainekin batera, gaur hasiko den 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloa irekiko du.

Euskara lan munduan. GKNren esperientzia izeneko hitzaldiarekin hasiko da gaur Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa Alondegian, 18:30ean. Asier Arakistain eta Ianire Flores GKNko langileak izango dira solasaldia gidatuko dutenak, eta hain zuzen, enpresa horren Zumaiako plantak urte hauetan guztietan euskararen inguruan egin duen ibilbidea kontatuko dute.

Udal Elkarteak 2005ean jarri zuen martxan enpresetan euskara sustatzeko kanpaina bat, eta horren bidez eta Elhuyar Aholkularitzak lagunduta, lehenengo pausoak ematen hasi ziren. “Langileen aldetik ere bazegoen euskararen inguruko kezka eta lehenengo urte horietan gauza asko egin ziren”, kontatu du.

Enpresako Euskara Batzordea sortuta Hizkuntza Politika Orokorra izeneko txostena aurkeztea izan zen hurrengo pausoa, 2011n. “Dokumentu horretan enpresak hainbat arlotan izan behar duen hizkuntza politika zehazten da: enpresaren irudian eta komunikazioan, kanpo harremanetan eta barne harremanetan. Aurten berritzea tokatzen zaigu eta aldaketa txiki batzuk egingo dizkiogu”, jarraitu du.

Euskararekiko sentsibilizazioa

Euskara Batzordearen zereginetako bat izan da baita enpresa barruan ekintza ezberdinak antolatzea. Esaterako, lehiaketak, softwarea euskaraz erabiltzeko kanpainak, jangelan euskaraz ekimena... Euskara Eguna urtero ospatzen dute, eta iaz, Euskaraldian ere parte hartu zuten. “Guztira 160 pertsonek eman zuten izena, eta bukatu zenean, bertako Euskaraldia moduko bat antolatu genuen eta txapak atera genituen. Oraindik eta izen emate handiagoa egon zen”, adierazi du.

Guzti honetan, GKN multinazionalak hizkuntzekiko, eta hemengo kasuan euskararekiko, duen politika nabarmendu du Floresek. “Egoitza nagusia Birminghamen dago eta handik bidaltzen dituzten ohar eta dokumentuetan euskararen presentzia bermatuta dago. Hilero, adibidez, segurtasunerako formaziorako dokumentuak euskaraz bidaltzen dizkigute”, esan du.

Zumaiako plantak zilarrezko Bikain saria jaso zuen iaz, eta duela hiru urte, bertako Euskara Planak Elhuyar Aholkularitzaren aipamen berezia izan zuen. “Aurten, Hizkuntza Politika Orokorraz gain, Euskara Plana berritzea ere tokatzen zaigu, eta gainera, Batzordean jende berria sartuko da. Beraz, erronka berriak ditugu”, kontatu du.

Amaitzeko, beste enpresei euskararen erabilera sustatzeko planak eta ekintzak egitera animatu nahi ditu. “Askok esaten digute eredugarriak garela, eta horrek poza ematen digu. Iruditzen zait gure esperientzia kontatzea interesgarria dela besteentzat positiboa baldin bada, eta horrek enpresetan euskara planak egitera laguntzen badu. Batzorde bat sortuta eta lan banaketa ongi eginda gauzak erraz ateratzen dira, gainera aholkularitza baten laguntza izango dute. Enpresetan gauza asko dago euskararen inguruan egiteko eta merezi du”, azpimarratu du.