GKNren esperientziarekin hasiko da aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloa

Baleike 2019ko ots. 18a, 19:30
Asier Arakistain eta Ianire Flores izango dira lehen bi hizlariak.

Zumaiako Udaleko Euskara Sailak 2012. urtetik antolatzen duen 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloa asteazkenean hasiko da. Ohiko formatuan egingo da edizio honetako hitzaldi zikloa ere eta martxoaren 13ra bitartean lau solasaldi izango dira Alondegiko Oxford aretoan, guztiak 18:30ean hasita.

Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloak hainbat helburu ditu, besteak beste, euskararen inguruan jendea janztea, euskararen berri ematea, soziolinguistikako nozio batzuk zabaltzea, euskarari balioa ematea eta beste errealitate batzuk erakustea, ahalduntzea eta nola ez, “kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta herritarrak gogoetara bultzatzea”, nabarmendu dute Udaleko Euskara Saileko Josune Herrartek eta Xabier Azkuek. Urteetako esperientzia dute biek, eta hitzaldi horiekin euskararen inguruko ikuspuntu ezberdinak lantzea dute asmoa. “Hitzaldi zikloaren helburua ez da euskararen inguruko lau famatu euskarari buruz hitz egitera ekartzea. Denetariko gaiak landu nahi ditugu, eta horretarako, herrian euskararekin lotutako lanak edo ikerketak badaude horiei ere saiatzen gara oihartzuna ematen”, jarraitu dute.

Aurten, Zumaiako bi hitzaldi egongo dira. Lehendabizikoa asteazkenean izango da, eta bertan, GKN lantegiak euskararen inguruan egin duen ibilbidea eta bilakaera kontatuko da. Ianire Flores eta Asier Arakistain izango dira hizlariak, biak enpresako Euskara Batzordeko kideak.  Herrartek eta Azkuek kontatu dutenez, “euskararen inguruan egiten ari diren lana izugarria da, eta iaz jaso zuten Bikain ziurtagiria urteetan egin duten lan isilaren aitorpena izan zen. Euskarak lan munduan duen presentzia landu nahi dugu hitzaldi honekin, eta beste enpresentzako eredugarria den adibide hau ezagutu”.

Hurrengo hitzaldia otsailaren 27an izango da. Edurne Azkarate bertsolari eta antzezlea izango da hizlaria. Erreferentziak edo inertziak? Erreferentziak eta inertziak izenburupean euskarazko kultur sorkuntzan jarriko du begirada. “Ideia iraultzaileak eta berritzaileak ditu. Sorkuntzaren inguruan esatekoa duena oso interesgarria da”, esan dute.

Martxoaren 6an hirugarren hitzaldia izango da. Arrate Illaro Euskaraldiako koordinatzaileak gidatuko du solasaldia eta egitasmoaren nondik norakoak kontatuko ditu. “Momentu honetan Euskaraldiak eman dituen datuak neurtzen eta aztertzen ari dira, baina Arratek, zenbakiez haratago, Euskaraldiak ekarri dizkion inpresioak, pertzepzioak eta bizipenak azalduko ditu”.

Azkenik, eta zikloarekin amaitzeko, Ibon Manterola zumaiarraren hitzaldia egongo da martxoaren 13an. Etorkizuneko Zumaia nola garatuko dugu euskaraz? izenburua du solasaldiak, eta lehen zatian Euskal komunitatearen biziberritze prozesua eta euskalgintza gaur egun zer egoeratan dauden aurkeztuko ditu. Bide beretik, Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen proiektuko helburuak, metodologia eta emaitzak zein izan diren azalduko ditu. “Eusko Ikaskuntzaren proiektu hori Euskal Herri mailan egin zen iaz eta Ibonek ariketa hori Zumaian egiteko baldintzak eta oinarriak emango ditu hitzaldiaren azken zatian”, amaitu dute.