Musikaren erritmoak marrazten

Baleike 2019ko ots. 16a, 17:00

Entzumen arazoak zituela eta, haurra zenean, begietatik “asko jan” zuela dio Imanol Sesmak. Asko marraztu izan du ordutik. Gerora, 18 urte zituela, kirola alde batera utzi eta musika mundura gerturatzen hasi zen. Orduan egin zituen lehen kartelak. Urtarrileko Baleike aldizkarian landutako erreportajea ekarri dugu webgunera. 

Musika eta marrazkigintza beti izan ditu afizio Sesmak. Denbora kudeatzen asmatzean dago gakoa sortzailearentzat. Haren hitzetan, kirola utzi eta denbora askoz gehiago izan zuen musikari emateko. Bere kabuz hasi zen diseinua ikasten, eta, “ia inkontzienteki”, serigrafia ikastaro batean eman zuen izena Donostian. Astean behin joaten zen, eta ordura arte musikan eta marrazkigintzan aritzen bazen ere, tartean falta zuen “pieza” topatu zuen ikastaro haren bitartez.

Sortzaileek “inspiraziorako aitzakiak” behar dituztela uste du Sesmak. Sofa musika taldeko partaide izan denez, sormenari bide emateko baliatu izan du musikaren esparrua. Sofaren diskoetako azalak egiteko, esaterako, taldekideen artean zehaztu zituzten ideia. Elementu ugari uztartu ditu Sofa taldearentzat egindako diseinuetan, besteak beste, zoramena, koloreak, animaliak...

Duela gutxi utzi du zumaiarrak Sofa, taldearen etorkizuneko asmoei erantzuteko denbora faltagatik: “Ez nuen oztopo izan nahi, eta ni neu aldendu naiz. Lagun onak izaten jarraitzen dugu, eta denbora gehiago izango dut orain haien entseguetara joan eta kontzertuez gozatzeko ere”.

Maiatzean Donostiako Dabadaba aretora gonbidatu zituzten, jotzekoa zen talde batek azken orduan huts egin zuelako. Ekainean eta uztailean ez zuten jo, oporrengatik. Azaroaren 16an elkartu ziren berriz, Torreberri gaztetxean agur kontzertua emateko. “Ilusio handia” egiten zion zumaiarrari Sofarekin izandako ibilbidea horrela amaitzeak. Souvenir gisa kontzerturako egindako kartelak ere banatu zituen. “Gustura egin nuen lo. Gau horrekin beti gogoratuko naizela pentsatu nuen”.

Diseinatzaile gisa, baina, eskakizunak ere jaso izan ditu. Jendea ideia jakin batekin joan izan zaion arren, uste du ideala dela norbere sormenari bide ematea. Sesmaren hitzetan, batzuetan sortzaileak aitzakia bat behar du diseinua nonbaitetik abiatzeko. Batzuk ideia garbiekin joaten zaizkio, beste batzuek diseinua eraman eta hori serigrafiatzeko eskatzen diote... Talde batek eskaeraren bat egin izan dionean ere ez du ezezkorik eman, eta musikarekin zerikusirik ez daukaten gauzak ere egin izan ditu.

Zumaian diseinu batzuk egin ditu dagoeneko. Voltaiarentzat diskoetako azalak, kartelak, Toilet Warriors-entzat ere egin izan du zerbait, Broterentzako serigrafiak, Sexplotionentzat... Madeleine eta Anestesia taldeei eskaini dizkie azken lanak. Nolanahi ere, edozein proiekturi ateak zabalik utzi dizkio. “Ez diot orain arte ezeri ezetzik esan”, aitortu du.  

Egin dituen diseinuen artean, Dardara Fest jaialdikoa da deigarriena. Amaiako plazan ospatzen da urtero musikarien elkarteak antolatutako festa. Leku harekin dituen oroitzapenak baliatu zituen Sesmak diseinua sortzeko orduan: “Amaiako plazan egin izan dugun gauza bat da xibarekin jolastea”. Garrantzizkotzat jotzen du estetika musikaren alorrean, baina betiko ereduak alboratzen saiatzen da: “Kontzertu baten kartelak ez du zertan gitarra batekin eta bonbo batekin joan behar”. Punk kontzertu baterako, esaterako, ez luke burezurrez eta odolez beteriko diseinurik egingo.

Burura etorri zaion lehenengo gauza izaten du abiapuntu maiz Sesmak. Hala ere, ez dio prozesu jakin bati jarraitzen. “Askotan buelta asko ematen dizkiot, baina paperaren aurrean jarrita, beste zerbait ateratzen zait. Gauza bizi eta mugikor bat da sortze prozesua”, dio. Gauez ere egin izan du lan, presazko diseinuak egiten, eta goizean esnatzean kartela begiratu eta pentsatu izan du: “Hau zuk egin al duzu? Erotu egin al zara?”.

Eskuz marraztea gustatzen zaio, ordenagailuz lortu ezin daitezkeen “ukituak” lortzeko. Haren hitzetan, eskuzko marrazkiek badute zerbait berezia. Diseinu horiek ordenagailura pasa eta bertan manipulatzen ditu ondoren. Dardararen kartelaren kasuan, ordenagailuz egin zuen guztia. Eskuz egiteak duen desabantaila detaileetan galtzen duen denbora da, bere ustez.

Kajoian gordetako” lanek hautsa hartu aurretik, bere sormena zabaltzeari ekin dio orain. Ideia asko izan ditu buruan orain arte, baina denborak mugatu izan du. Orain, taldea ere utzita, denbora gehiago izango marrazkigintzarako.

Bere proiektu propioei helduko die datozen hilabeteetan. “Ideia batzuk baditut, eta martxan jarri nahi dut”. Sofaren merchandising stocka ere amaitu zen, eta horrekin jarriko da. Madeleine taldearentzat serigrafiatzen ere ari da. Ingurukoen opariak egiteko ere baliatu du proiektua: “Azkena, Gailurra Xtremeren finala bota behar zutenean, bi egun lehenago kuadrillakoak etorri zitzaizkidan Larrari txapel bat oparituko ziotela esanaz”. Txapela serigrafiatu zuen: “Probak egin nituen, eta atera zen. Hori da gustatzen zaidana: gauza ezberdinak probatzea”.

Gatza Factory izena jarri dio serigrafia proiektuari, “bizitzak gatza” behar duela uste baitu Sesmak. Ez zuen proiektua bere izenean sortu nahi: “Zumaian talentua sobran dago, eta norbait proiektura gehituko balitz, izen berarekin jarraitzeko aukera izango genuke”.