Plenoak ez du onartu Kalea Guztiona Dak aurkeztutako mozioa

Baleike 2019ko ots. 13a, 15:36

Astearteko plenoak Kalea Guztiona Da mugimenduak aurkeztutakoa mozioa ere eztabaidatu zuen, beste bi proposamenekin batera.

"Debeku eta kontrol neurriek herrian eztabaida bizia eragin dute, eta adierazpen askatasunaren gaiari alde bakarreko dekretuz erantzutea herritar eta herriko talde askok ez dute begi onez ikusi", zioen mozioak. Arazoari konponbidea aurkitzeko "egiazko" parte-hartzeko prozesu bat abian jartzea eskatzen zuen mugimenduak. Kalea Guztiona Dako kideak plenoan izan ziren, eta nahiz eta hitza hartzeko gonbitea luzatu zieten, uko egin zioten.

Oier Korta alkateak gogoratu zuen azken bi hilabetetan, mozio hau aztertu arte, ez dutela pintadarik ezabatu, eta, hori dela eta, herritarren deiak eta mezuak jaso dituela. Legealdi hasieran hartutako erabakia egokia izan zela  ondorioztatu zuen alkateak. "Ez al dugu herria txukun egoteko eskubiderik? Eraikinen jabeek ez al dute eskubiderik? Zumaiarrek ez dute herria egoera honetan egotea nahi".

Alex Olidenen (EH Bildu) arabera, "herrian arazo bat dago, eta mozio honek bide bat zabaltzen du". Alderdiaren aldeko botoa aurreratu zuen.

Arritxu Marañonek (PSE-EE) kontrako botoa eman zuen, nahiz eta, aldi berean, mozioak jasotzen zuena ulertzen zuela esan. "Ez da gauza bera herria zikintzen duen pintada bat, eta jarrera artistikoa. Zentzu horretan, eta etorkizunera begira, ondo egongo litzateke jokabideak zehaztea".

Mozioak EH Bilduko zinegotzien aldeko botoa jaso zuen (6); EAJ-PNVk (5) eta PSE-EEk (1) kontra bozkatu zuten, eta Jon Iraola abstenitu egin zen. Bigarren txandan emaitza bera izan zen. Beraz, kasu horietan alkateak duen kalitatezko botoari esker mozioa ez den onartu.

 Pinudiak eta Aita Mari ontzia

Beste bi mozio ere eztabaidatu atzoko plenoak. Batetik, EH Bilduk udalerriko pinu sailaren eta babesaren inguruan aurkeztutakoa, eta bestea EAJ-PNVk Aita Mari erreskate ontziari dagokiona. Lehena aldeko zazpi botorekin onartu zen (EH Bilduren sei eta Jon Iraola); EAJ-PNVk (5) eta PSE-EEk (1), aldiz, kontra bozkatu zuten. Aita Mariren inguruko mozioa, berriz, ahobatez onartu zuen plenoak, nahiz eta PSE-EEko Arritxu Marañonek mozioko puntu baten inguruko desadostasuna azaldu zuen.