Udal Aurrekontuak aztertuko dituzte asteartean egingo den ezohiko plenoan

Baleike 2019ko ots. 8a, 08:43

Astearte honetan, hilaren 12an, Zumaiako Udaleko ez ohiko plenoa egingo da. Aztertuko diren gaien artean urte honetarako Udal Aurrekontuak daude. Plenoa 18:00etan hasiko da.

2019rako udal kontuak onartzea aurreikusten da. Udal Gobernuak iragarri duenez, prestatutako aurrekontu proiektuak udalbatzaren gehiengoaren babesa jasoko du, EH Bilduk egindako bi ekarpen eta PSE-EEren bat onartu ondoren.

Ohar baten bidez Udal Gobernuak adierazi du aurrekontuen proiektua iragan abenduan aurkeztu zietela oposizioko alderdiei, eta  Gobernuak negoziaketarako borondatea zuela. Gogoratu behar da Udal Gobernuan dagoen EAJ-PNV alderdiak zinegotzi bat galdu duela legealdi honetan, eta, era horretan, aurrekontuak ateratzea ez zuela ziurtatuta.

EH Bilduk aurkeztutako bi proposamen txertatu dituzte 2019ko udal aurrekontuetan, bata euskarazko komunikabideei diru-laguntzak handitzekoa eta bestea 2 urteko haurren uztaileko zaintza zerbitzua Udalak zuzenean ematea. Udal Gobernuak adierazi du ez dagoela bi proposamen horiekin ados, baina onartu egingo dituela, “zumaiarrentzat onuragarriak izango diren aurrekontu batzuk aurrera atera daitezen”.

PSE-EEk, bere aldetik, Estazio auzorako izendun kontu-sail bat sortzeko eskatu zuen. Udal Gobernuak Hirigintza azterlanak kontu-sailean Estazio auzoko bidegarritasun plana egiteko jasota zituen 15.000 euro Estazio auzoko bidegarritasun plana izeneko partida berri batera pasa ditu.

Otsailaren 12ko plenoaren gaiak

1.- Aurreko bilerako aktaren onarpena, bidezko bada.
2.- Ogasuna.
2.1.- Udalaren 2018ko 18. kreditu aldaketaren berri ematea.
2.2.- Kirol Patronatuaren 2018ko 1. kreditu aldaketaren berri ematea.
2.3.- 2018ko exekuzioaren berri ematea.
2.4.- Irizpena:
2.4.1.- 2019rako Zumaiako Udalaren aurrekontu orokorra onartzea, bidezko bada.
3.- Hirigintza.
3.1.- Proposamena:
3.1.1.- Zumaiako Kantauri plazako 4. zenbakia duen atariko lehen solairuan prezio tasatuko hiru etxebizitzaren zozketa arautzeko baldintzen agiria onartzea, bidezko bada.
4.- Pertsonala.
4.1.- Irizpena:
4.1.1.- 2019rako Zumaiako Udaleko eta Zumaiako Kirol Patronatuko langileen ordainsarien igoera onartzea, bidezkoa bada.
5.- Proposamenak.
5.1.- Kalea Guztiona Da.
5.2.- EH Bildu udal taldeak aurkeztutakoa: Udalerriko pinu sailak eta ingurumenaren babesa.
5.3.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutakoa: Aita Mari erreskate lanak burutzeko hartutako ebazpena atzera botatzea.